HIESa aztergai kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 30a

HIES gaixotasuna ikuspuntu ezberdinetatik jorratu dute aste honetan kultur etxean. Batetik Medicus Mundi erakundeari esker, HIESari lotutako artelanen erakusketa egon da ikusgai kultur etxeko bigarren solairuan. Gaixotasunarekin zerikusia duten hainbat lan ezberdin bildu dira bertan, batez ere margolanak eta zeramikaz egindako eskulanak.
Bestalde, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Kooperazio sailak antolatuta bi labur eskaini ziren gaztetxoentzat eta institutuko ehun ikasle inguruk parte hartu zuen proiekzioen ondoren burutu zen mahai inguruan.
Batetik “La primera vez” izeneko film laburra eskaini zen, hain zuzen, Peruko lehiaketa batean lehen saria jaso zuen pelikula eta, bestalde, “El secreto mejor guardado”, UNICEF elkarteak egindakoa eta HIESaren gaia ikuspuntu ezberdinetatik lantzen duena.
Emanaldien ondoren Joseba Errekaldek gidatu zuen mahai-inguru interesgarri eta dinamikoan parte hartu zuten ikasleek. Errekaldek, HIES birusa dauka, gaian aditua da eta HIESaren kontrako Harri Beltza elkarteko ordezkaria.
Kultur Etxeko hurrengo erakusketa Saharari buruzkoa izango da.