Pianoa bertsotan jarriko dute asteazkenean kultur etxean

Txintxarri 2009ko urriaren 30a

Ainhoa Ansak (gitarra eta ahotsa) eta Jagoba Astiazaranek (pianoa) kontzertu bitxia eskainiko dute azaroaren 4an arratsaldeko 19:00etan Manuel Lekuona Kultur etxeko aretoan. Lasarte-Oriako Musika Eskolak antolatu duen Piano bat bertsotan ikuskizuna erronka modukoa da: momentuan eskatutako kanta jendearen aurrean joko dute bi musikariek. Era honetan, bertsolaritzan bezala, musikarekin ere inprobisatu daitekeela frogatu nahi dute. Ikusleak izango dira gai jartzaileak, entzun nahi duten euskal kantaren izena aukeratu, papertxo batean jarri eta musikariek eskaera guztien zozketatik ateratzen den kanta joko dute.
Aldi berean, pantaila batean kantaren hitzak agertuko dira, ikusleek ere abestu dezaten. Ikusleak beraz parte aktibo dira ikuskizunean, batetik kantak aukeratzen dituzte eta bestetik kantatuaz ikuskizunaren parte izango dira.
Ekimenaren helburua, euskal kantagintza bultzatzea da eta kanta zaharrak zein berriak entzuteko aukera izango da.