Edukiontzi artistikoak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 30a

Artea eta birziklapena elkartzea helburua duen Reziklarte emanaldi artistikoari esker, San Markos Mankomunitateak bazterturiko edukiontziak arte bilakatu dituzte ekimenean parte hartu duten 26 lehiakideek, margotuz eta atonduz. Azaroaren 12tik aurrera, erakusketa ibiltaria osatzen duten arte lanak ikusteko aukera izango dugu Lasarte-Orian.

Ez dira ikusten ohituta gauden zabor ontzien antzekoak. Hiriak, bideojokoak, marrazki bizidunen irudiak... erakusten dizkiguten arte lanetan bihurtu dira zaborrerako baino balio ez zuten ontziak. Parte hartutako artistek imajinazioaren bidez birziklatzeko joera bultzatzeko ideia irudikatu dute. Gizarteari birziklapenak duen garrantzia erakustea zeukaten helburu Reziklarte’09n parte hartutako lehiakideek.

Edukiontziak arte-euskarri bihurtzea eta gaikako bilketaren eta birziklatzearen inguruko kontzientziazio kanpaina bultzatzea zuen helburu San Markoseko Mankomunitateak ekimen hau aurkeztu zuenean.
Hondakinen kudeaketa-sisteman, atez-ateko gaikako bilketa martxa jarri zenetik, edukiontzien lekua esekitokien sistemak hartu du. Edukiontzi asko, inolako erabilpenik gabe bazter batean ahantzi dira. Hauei irteera ematea, eta arte lanetan bihurtzea bultzatu da Reziklarte’9 ekimenaren bidez.

Lehiaketa
26 lehiakide izan dira orotara ekimen honetan. Beira-zuntzezko edukiontzi horiak arte lanak bihurtu zituzten, urriaren 13tik 18ra bitartean Anoeta estadioko behealdean prestaturiko areto batean. Edukiontzi garbiak eta bi sarrerak itxiak zituztelarik landu behar izan zituzten lehiakideek. Gainera uretan disolbatutako pintura akrilikoa izan da erabili beharreko teknika, izan ere, eguraldi txarrari eusteko adinako erresistentzia duen teknika erabili beharra zegoen. Horrela, erakusketa ibiltaria irauten duen bitartean, euriarekin topo eginez gero, arte lan hauek biziraupenerako aukera izan dezaten.

Irabazleak
Residuos y Reciclos, Francisco Javier Perdmo bartzelonarraren arte lanak lortu du Reziklarte'09ko lehen saria, 4.000 euro.
Imanol Etxeberria eta Mikel Arevalillo hernaniarrek The recycling game lanarekin jaso dituzten bigarren sariako 2.000 euroak.
Eta azkenik, Cristian Alberto Crowley irundarraren Ciudad Maldita izan da hirugarren sailkatua eta 1.000 euroko saria eskuratu du.

Erakusketa baino gehiago
San Markos Mankomunitateko 10 udalerrietan izango den erakustea ibiltaria, azaroaren 12an iritsiko da Lasarte-Oriara. Hilaren 17rarte ikusi ahal izango duzue Andatza plazara hurbiltzen zareten guztiok. Erretiratutako edukiontziak berrerabiliz, Reziklarte'09 ekimenean parte hartutako 13 artisten artelanak ikusgai egongo dira herrian. Arte lanak bitan banatu egin dira San Markoseko Mankomunitateko herrialde guztiak bisitatu ahal izateko. Honetaz aparte, jarriko den informazio-gunean hezitzaile talde batek gaikako bilketa eta birziklapenaren inguruko informazioa eskainiko dute, gure zalantzak argitu nahian.