Aquaerobic-a eta igeriketa ikastaroak Udal kiroldegian

Txintxarri 2009ko urriaren 30a

Lasarte-Oriako kirol Zerbitzuak denboraldi honetan, besteak beste, aquaerobic eta igeriketa ikastaroak eskaintzen dizkie herritarrei.

Aquaerobic
Musika, ariketa eta ura uztartzen dituen kirola dugu aquaerobica. Saioetan ikasleen beharretara egokitutako ariketak egiten dira. Honela, uretan egindako aerobica dela esan daiteke.
Kirol sailetik jakin arazten dutenez, edozein adin, genero eta mailatako pertsonek ur-ingurune batean egin dezaketen jarduera da eta igerileku ez oso sakoenean egiten da. Izan ere, ur-ingurune batean txikiagoa baita lur-zoruarekiko talka, eta ondorioz, txikiagoa artikulazioen gaineko tentsioa.
Honetaz gain, aquaerobicaren bidez errendimendua handitu dezakete besoak, hankak eta enborra erabiltzen dituzten kirolariek. Era berean, prestakuntza-modu ezin hobea da ere, goiko gorputzadarren erabilera eskatzen duten jarduera profesionala duten pertsonentzat.
Modalitate fisiko berri honen saioak Udal Kiroldegiko Igerilekuan ematen dira, astearte eta ostegunetan 14:15ean eta 50 minutotako iraupena dute.

Helduentzat, igeriketa
Era berean, azaroaren 1etik abenduaren 18ra, igeriketan hasi berriak diren helduentzako ikastaroa eskainiko da udal kiroldegian.
Astean hiru saio izango dira, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 20:30etik aurrera, igeri egiten ikasi eta estilo ezberdinetan trebatzeko.
Ikastaroak 103,30 euro balio ditu eta kiroldegiko bazkide direnentzat 57,40 euro.

Izena ematea
Jarduera hauetan izena emateko edo informazioa eskuratzeko, kiroldegiko bulegora hurbildu edo 943 376 182 telefonora deitzea duzue egokiena.
Honela, helduen igeriketa ikastaroan izena emateko azken eguna gaur da eta, aquaerobicari dagokionez, taldea guztiz osatu arte egongo da irekita epea