Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketetan Miren Artetxe, Unai Muñoa eta Amaia Agirrek bertso bikain ugari bota dituzte, baina ez dute finalerdietan izateko puntu nahiko eskuratu eta agur esan diote txapelketari.
Artetxe estreinaldian
Miren Artetxe, Lasarte-Orian jaiotako hendaiarrak, Txapelketaren estrenaldian, Zestoako lehen saioan, kantatu zuen, 583.5 puntu eskuratu zituen eta bere helburuetako bat lortu zuela esan daiteke: Txintxarrin bertan aipatu zuen bere helburuak bi zirela, batetik lasai xamar kantatzea eta bestetik bertsotan zerbait esatea “bertso hutsik bota gabe. Hori lortuz gero nahikoa!”.
Lasai xamar kantatu zuenik ezin esan bertso pare batean trabatu egin baitzen Miren Artetxe, «Barkatu trabak, ez nizuen zuei hola sofriarazi nahi», kantatu zuen saioaren bukaerako agurrean, baina ez zuen amaieran ere irribarrerik galdu eta «jokoa hemen bukatzen zaigu jolasak aurrera darrai» esanaz bukatu zuen azken agur hori. Dena den, ofiziotan zein kartzelako gaian saio onak borobildu zituen hendaiarrak.
Saio puntuatuenean Muñoa
Unai Muñoa sailkapenetik 20 puntura geratu da, 615.5 puntu eskuratu zituen Uztaritzeko saioan eta zenbait ariketetan, (puntuari erantzuten eta kartzelan) nahi baino puntu gutxiago eskuratu zituen.
Erantzun beharreko hiru puntuetatik lehenengoa ez zuen ulertu eta hor joan zitzaizkion segur-aski finalerdietarako sailkatzeko aukerak. Uztaritzeko saioa oro har erritmo bizikoa eta maila onekoa izan zen, berau izan zen puntuaketarik handiena izan zuena eta Muñoak ere eutsi zion beste bertsolarien eta saioaren kalitateari. Lan polita egin eta bertso gogoangarriak kantatu zituen.
Saio bikainaren seinale da Uztaritzeko kanporaketatik lau bertsolari pasa direla finalerdietara: Beñat Gaztelumendi, Arkaitz Estiballes, Aitor Sarriegi eta Xabier Paya.
Amaia Agirrek 631,5 puntu lortu eta bazirudien ondo kokatua zegoela aurrera egiteko, baina Uztaritzeko eta Llaudioko saioetan launa bertsolarik lortu zituzten berak baino puntu gehiago eta azken unean kanpoan geratu da esan bezala puntu bakar bateko aldearekin.
Bilboko Arriaga antzokian kantatu zuen Amaia Agirrek eta ez zuen berezkoa duen distirarik erakutsi baina, gorabeherak izan bazituen ere ez zuen akats larriegirik egin eta erregulartasun horri esker laugarren izan zen bere saioan Iñaki Zelaia, Julio Soto eta Maddalen Arzallusen atzetik, baina puntuaketa altuarekin. Hamarreko txikian egin zuen saiorik borobilena baina besteetan ere ez zen gaizki aritu.
Finalerdietan zazpi saio
Finalerdietako saioak hurrengo larunbatean hasiko dira, Bergaran eta bi itzulitan banatu dira. Lehen itzulian 24 bertsolarik kantatuko dute, kanporaketatik datozen 17ak duela lau urte finalean izan ziren Mendiluze, Lujanbio, Iturriaga, Elortza, Colina, Arzallus eta Maiarekin batera. 24 hauetako sei kanpoan geratuko dira lehen itzulian eta bigarrenean 18 bertsolarik beste hiru saio egingo dituzte. Bi itzulietako puntuak batu eta gehien dituzten zazpi bertsolariak izango dira finalean Andoni Egañarekin batera.
Txapelketa Nagusiko finala Barakaldoko BECen jokatuko da abenduaren 13an, igandea, goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 16:30ean.
Finaleko sarrerak salgai daude Jalgi tabernan: 26 euro balio du, Bertsozale Elkarteko bazkideentzat 18 euro eta gazteentzat 6 euro. Final egunean 20 euroren truke BECen bertan bazkaltzeko aukera egongo da. Finaleko sarrerak, bertan bazkaltzeko eta autobusez joateko txartelak denak daude Jalgin.