Lasarteoriatarrak munduan zehar

jon-altuna 2009ko urriaren 30a

Aurtengo udan egindako bidaietako argazkiak erakutsiko dituzte zenbait herritarrek Jalgin azaroan eta abenduan zehar eskainiko diren sei diaporama emanaldietan. Sahara, Kroazia eta Bosnia, Txina, Etiopia eta Kenia, Argentina eta Bortzirietako argazkiak ikusiko dira azaroaren 4a eta abenduaren 9a bitartean asteazkenero gaueko 21:30ean Jalgi kafe-antzokian burutuko diren sei saioetan.

Ttakun kultur elkarteak urtero antolatzen duen diaporama emanaldia sorta oparoa izango da aurten ere. Ozeaniakoak izan ezik munduko kontinente guztietako bidaiak sartu dira egitarauan, Afrikako bi daude, Sahara eta Kenia-Etiopia, Amerikako Argentina, Asiako Txina eta Europako Kroazia-Bosnia. Gainera urtean zehar Euskal Herriko txoko ezberdinetara irteerak antolatzen dituen Oinatz taldeak ere parte hartuko du Bortzirietara egindako joan-etorriari buruzko diaporamarekin.
Egitaraua Saharako maratoiari buruzko saioarekin hasiko da. Tindufeko kanpamenduetan aurten izan diren Jon Diaz, Goyo Eizagirre, Tomas Arruti eta Gorka Lasak kontatuko dute han ikusitakoa eta bizitakoa, zein proba gogorra den basamortuko maratoi hau. Saharari buruzko diaporama, datorren asteazkenean azaroaren 4an emango da Jalgin gaueko 21:30ean.
Hurrengo astean, azaroaren 11n toki eta ordu berdinean Kuadrillategiko gazteek Kroazia eta Bosniara bi furgonetetan egindako bidaia kontatuko dute Maialen Goikoetxea, Mikel Olaiz, Asier Gorostegi eta Naike Zumetak.

Txinan bizikletan
Azaroaren 18an bidaia exotikoaren txanda izango da, Aitzol Etxegoien-ek Txinan zehar bizikletan egindako ibilaldia kontatuko baitu.
Kenia eta Etiopiako parajeak ikusi ahal izango dira hurrengo astean, azaroaren 25ean 21:30ean. Diego Egizabal eta Mari Karmen Ormazabal luze eta zabal arituko dira Afrika ekialdeko bi herrialde hauetara egindako bidaiaz. Biek egiten dute muga azkenaldian XXI. mendeko piratengatik albistegietako protagonista bilakatu den Somaliarekin.
Oinatz elkarteak ere parte hartuko du Ttakun-ek sortutako ekimenean eta aurten antolatutako irteeren artean Bortzirietara egindakoa aukeratu dute erakusteko. Besteak beste Lesakako herrian eta Etxalarko usategietan ateratako argazkiak ikusi ahal izango dira abenduaren 2an, 21:30ean, Jalgin.
Azken emanaldia asteazkenean beharrean, ostegunean izango da, abenduaren 10ean. Egun horretan Alex Tetuanek Argentinako argazkien bilduma erakutsiko du.