Iazko esperientzia hain ona izan zenez, aurten ere Saharako Maratoian parte hartzeko gogoekin ikusi ditugu Tomas Arruti eta Gorka Lasa haiekin bildu garenean.
“Hango esperientzi kristona izan zen. Kirola alde batera utzi eta Saharako egoera ezagutzera zoaz. Hango errealitatea ikustera,” aitortu digu Tomasek Maratoiari buruz galdetzerakoan.
“Esperientzia ezberdina da, basamortura joan eta bizi diren egoera ikustea. Ezer ez dagoela, miserian bizi direla... horrek harrapatzen zaitu eta berriro joateko gogoa sartzen zaizu.” esan digu Gorka Lasak eta honela jarraitu du, “eta horrek kontraesan bat sortzen du. Hemen guztia dugu eta han ez daukate ezer. Nire ustez bizi beharreko esperientzia da.”
“Zein egoeratan dauden ikusten duzu. Eta gainera ez daukate ezer eta guztia eskaintzen dute,” adierazi du Tomasek.
Eta hango egoera politikoari buruz ere hitz egiten dute, “34 urte daramatzate horrela bizitzen eta bertan jarraitzeko asmoa dute,” aipatzen du Lasak.
“Herrialdean konflikto bat dago eta orain gauzak mugituko direla dirudi, baina badaude interes pila ez konpontzeko,” dio Tomasek.
Diaporama
Herritarrek egoeraren berri izan dezaten Ttakunek antolatzen duen diaporama sortaren barruan otsailean bizi izandakoaren berri emango dute Tolosako Goyo Eizagirre eta Jon Diezen laguntzaz.
“Asmoa Sahararen egoeraren berri ematea da”, esan digu Tomasek.
Eta Lasak zera gaineratu du, “Goyo eta Jon 6 urte daramatzate maratoian parte hartzen eta informazio asko daukate. Gu hasi berriak gara eta haien laguntza asko eskertzen dugu. Gozada bat da horrelako aukera izatea.”
Erronka berria
Honetaz gain, egun, beste erronka batean sartu dira biak. “Saharan ginela Euskal Herriko jende gehiagorekin batu ginen eta harreman estua dugu guztiok. Hemen elkartu eta bazkari baten ostean, buruari bueltak ematen sortu zen esku artean dugun erronka,” azaldu digu Tomasek. Eta Gorkak “batek proposamena egin zuen, eta, zergatik ez dugu hemen Bilbotik hegazkin bat antolatzen? Horretarako jendea behar da, ehun baietz Saharara,” zehaztu digu.
“Euskal Herrian erronka handiak daude kirol guztietan, baina Saharan kirol erronkaz gain, beste egoera berezi bat dago. Gure helburua da biak uztartzea eta Saharar herriarekiko elkartasun hori erakustea. Egoera horrek beste xarma ematen dio eta pixka bat horrek bultzatuta sartu gara erronka berri honetan,” gaineratu du Lasak.
Euskal Herrian zehar informazioa eman eta 100 pertsona lortzea da orain helburua, izan ere hori baita Loiutik hegaldia lortzeko gutxieneko kopurua. “Madriletik antolatzen denez, orain arte Barajasetik atera da hegaldia. Guk haiekin hitz egin dugu eta 100 pertsona lortzen badugu gure esku geratzen da hegaldia antolatzea,” azaldu du Tomasek.
Baikor agertu dira gainera kopuru hori lortuko duten ala ez galdetzean. “Iaz ezer jakin gabe 25 bildu baginen, aurten gehiago izan daitezke,” aipatu du Gorka Lasak.
Tomasek “positiboak gara, apustu handia da. Baina hegaldia Bilbotik ateratzen ez bada, Madrilgo komodina dugu, beraz, ez da inor kalean geratzen,” adierazi digu.
Izena ematea
www.blogak.com/eusaharamarathon orrialdearen bidez egin beharko da izena ematea. “Madrildik bideratu diguten informazio guztia dago bertan gazteleraz eta euskaraz,” esan digu Tomasek.
Gorka Lasak baldintza ekonomikoei buruz hitz egin digu, “bidaiaren gastua hegaldia eta aste beteko egonaldia k 850 bat euro balio ditu. Madrilgo antolakuntzak, gainera, horietako 200 euro han egingo diren proiektuetara bideratzen ditu”.
Eta azpimarratu du, “Saharako Maratoi bezala saltzen da, baina beste aukera batzuk ere badaude. 5, 10, 21 eta 42 kilometrotako lasterketak daude. Jendea askotan itsu egiten da, 42 kilometro ez dituelako egiten.”
Eta “honetaz gain ere, korrika egin nahi ez duenak ere aukera du joateko. Norbaitek hango egoera ikusi nahi duela eta maratoian parte hartzeko asmorik ez duela, lasai asko joan daiteke. Hemen 850 euro ordaintzen dituzu bidai osoarengatik, nahiz eta ez parte hartu lasterketan,” gaineratu du.
Epeari dagokionez, “denbora dago maratoira arte, baina antolakuntzari dagokionez, gauzak mugitu behar dira. Izan ere, izena ematea Madrilen urtarrilaren bukaeran ixten da. Guk, hala ere, abendu bukaera arte itxarongo dugu, Madrilekin guztia antolatu eta hegaldiak lotzeko dugun epea baita,” azaldu digu Tomasek.
Prentsaurrekoa
Hau guztia, larunbatean Ostadarreko egoitzan eman zuten prentsaurrekoan azaldu zuten.
“Asmoa da Lasarte-Oria mailan, jendeari Saharan zer dagoen azaltzea da. Honela, kirolarekin lotura duten, Ostadar eta Indartuz-eko ordezkariak egongo dira, eta bestetik, elkartasunari dagokionez, Askapena, Komite Internazionalista eta Sahararen lagunak taldeko ordezkariak,”azaldu zigun Tomasek.
“Informazio guztia izan eta puntu horiek, Ostadar eta Indartuz, kontaktu bezala izatea ongi dator. Gainera, gu ere prest gaude kafetxoren bat hartzeko,” esan digute biek.