Kolon minbizia eta elikaduraren garrantzia

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 2a

Gure herrian kolon Minbiziari buruzko ikerketa martxan dago Osasun zentroan. Honen harira, XVII. Osasun jardunaldien barruan, Kolon minbizia prebenitzeko dietari buruzko hitzaldia eskaini zen ostegunean.
Herritar ugari bildu zen kultur etxeko hitzaldi aretoan Osasun zentroko zuzendari den Mary Luz Jauregi eta Rosa Gainza erizainaren azalpenak entzutera.

Ikerketa
Jauregi doktoreak kolon minbiziari buruzko datuak eskaini zituen, hala nola, Estatuan eragin handia duen minbizi mota dela edo gaixotasun honen heriotza tasak.
Minbiziaren garapena eta lehenengo faseetan hartuz gero, osatzea errazago dela ere azaldu zuen.
“Sintomak izatean dator jendea Osasun zentrora. Ondorioz, nahiz eta minbizia kendu, bizi iraupena ez da oso luzea,” aipatu zuen.
Horregatik, prebentzioaren eta ikerketen garrantzia azpimarratu.
Honetaz gain, Lasarte-Orian egiten ari den ikerketari buruzko informazioa eta datuak eskaini zituen Osasun zentroko zuzendariak.
“Honela, deitutakoen %45a parte hartu du odola gorotzean aurkitzeko proban eta horietatik %10ak positibo eman dute,” adierazi zuen eta kolonoskopiari dagookionez, “deitutakoen %41ak egin du proba eta 83 pertsonen emaitzak ditugu.”
Era berean, jendeak parte hartzea animatu zuen. “kolonoskopia egin dutenek, ezagunei esan eta hauek parte hartzera animatu dira,” azpimarratu zuen.

Dieta
Baina diagnosiak garrantzitsua baldin bada ere, elikadura ere kontuan izateko gauza da.
Izan ere, Rosa Gainzak erizainak azaldu zuen antzera, “ahoan hasten da liseriketa prozesua, gorputzak toxikoak eta behar ez duena kanpora botatzen du eta horren ondorioz, maskuriak eta kolonak asko sufritzen dute.”
Era honetra, dieta mediterraneoa egitea gomendatu zuen, “koipeetan baxua den dieta egin behar da. Fibra, fruta, barazkiak eta esnekiak hartu behar dira, arrainetan txitxarroa edo haragi txuriak, esate baterako.”
Haragi gorrien neurrizko kontsumoa gomendatu zuen Gainza erizainak eta haragi keztatuak, oso eginak edo erreak ekidin behar direla ere azpimarratu zuen, baita elikagai minak ere.
Era berean, “azido folikoak, kaltzioak eta D bitaminak 50 urtetik aurrerako pertsona osasuntsuetan arriskua muriztu dezake,” aipatu zuen Gainzak. Ez ordea, koloneko minbizia izan duen seniderik baduzu.
Gainera, hauek elikagaien bidez hartu behar direla azpimarratu zuen eta ez osagarri edo medikamenduen bidez.
Honetaz gain, antioxidatzaileek, hau da,tomatea, piperrak, minbizia sortzen eraginik ez dutela aipatu zuen.

Kirola eta ohiturak
“Kirola egiteak arriskua murrizten du,” adierazi zuen eta gizentasuna arriskutsua da. “Gizonen kasuan, koipea sabelaldean kokatzen denez kolon minbizia izateko arrisku gehiago dute,” azpimarratu zuen.
Era berean, insulina eta glicemia tasa altuak dituztenek ere arrisku handia dute
Honela, alkoholak eta tabakoak alde batera utzi behar direla aipatu zuen. “Tabakoak gainera ondestean sortzen du minbizia,” azaldu zuen.

Eztabaida
Hitzaldia bukatzerakoan, herritarren galderak erantzun zituzten.
Gehienak ikerketari buruz izan ziren. Baina sentsibilizazioa eta ikerketen buruzko eztabaida sortu zen.
Hala ere, gure herrian Osasun zentroaren datuen arabera, kolon minbiziaren sentsibilizazioa handia dela azpimarratu zuten.