Kirol Elkarteek diru-laguntza arruntak eskatzeko epea ireki da

Txintxarri 2009ko azaroaren 2a

Urtero egiten den moduan, Lasarte-Oriako Kirolen Udal Zerbitzuak, Kirol Elkarteek 2009ko diru-laguntza arrunten eskaerak aurkezteko epea ireki du.
Aurten berrikuntza bat dago gainera, Udalak laguntza hauen banaketa zuzenduko duten oinarriak onartu dituela.

Oinarriak
Lasarte-Oriako udaleko Kiroletako entitate eta elkarteei ohiko diru-laguntzak emateko ordenantza erregulatzailearen arabera, "laguntzak etekin-asmorik gabeko kirol elkarteei emango zaie haien estruktura indartu eta garatzeko, betiere, duten proiekzioa eta interesagatik, Lasarte-Oriako kirol-politikarekin bat badatoz."
Eta onuradun izateko bete beharrak, besteak beste, betebehar fiskaletan egunean egotea, egoitza eta jarduera nagusiak Lasarte-Orian edukitzea edo denboraldi honetan, gutxienez maila federatuan talde bat edukitzea.

Eskaerak
Kirol elkarteek azaroaren 15a arte dute diru-laguntzen eskaera egiteko.
Udalaren Erregistroan aurkeztu behar dute eskabidea eta honekin batera hainbat agiri ere erantsi beharko dituzte.
Eskaera egiteko epe igarotakoan, 15 egun izango dira, akatsak zuzendu edo falta daitekeen dokumentazioa osatzeko.
Honen guztiaren berri, kirol elkarteei helarazi zaien ordenantzan dute, baita Udalak dirulaguntza banatzeko orduan izango dituen irizpideak edo arauak ez betetzeak dakarren ondorioa ere.