Etorkinentzat ikastaroa AEKn

Txintxarri 2009ko azaroaren 2a

Lasarte-Oriako Muntteri euskaltegiak ikastaro berezi bat emango du astelehenetik ostegunera arratsaldez kanpotik etorritakoentzat. Euskaltegiko arduradunen ustez oso interesgarria da talde homogeneo bat sortzea etorkin hauei gizarteratzen laguntzeko. Jada badira bost gogo handia dutenak eta taldea zabalik dago euskaraz ikasten hasi nahi duten guztiei. Hain juxtu ezer ez dakitenenei zuzendua dago, zerotik hasiko dira.

Korrikak aurten ongi etorria eman zien hain juxtu euskarara hurbildu diren kanpotarrei eta hauetako batzuek interes handia dute Lasarte-Oriako Muntteri euskaltegian etorkinen talde bat sortzeko. Eta gogo hori kontuan izanaz, apustu bat egin du Euskaltegiak talde berri hau sortzeko: "merezi du kanpotarrak integratzeko era bat da, honelako aukerak ematen ez baldin bazaizkie atzean gelditzen dira, garai batean etorri ziren kanpotarrekin gertatu zen bezala" adierazi digu Euskaltegiko irakasle batek.
Euskara ia zerotik ikasten ari diren bi talde badaude jada Muntteri euskaltegian baina soilik kanpotik etorritakoekin osatu nahi dute talde "homogeneoa". AEKko arduradunek adierazi digutenez, bertakoek gutxi jakin arren zerbait beti dakite; kanpokoei asko dakitela iruditu eta beldurtu egiten dira. Hemengoek, aldiz, "nik ideiarik ere ez" esanaz hurbiltzen dira euskaltegira, baina gutxi edo asko denek dakite zerbait.

Kanpotarrentzat zabalik
Kanpoko bost ikasle badituzte jada eta beste bi ikastaroa sortu zain daude ikasten hasteko. Urtero etortzen da ikasturtea hasi eta gero, bat edo beste euskara ikasi nahi duela eskatuz eta horiei deia egiten die Muntteri euskaltegiak ikasturte hasieratik izena eman dezaten eta ez aurreko urtetan bezala jada martxan den talde batera sartu ikasturte erdian.
"Ahal bada" talde homogeneo bat egin nahi du euskaltegiak, ikasle bakoitza toki batekoa bada ere. "Kanpokoak" esaten denean edozein lekutakoa izan daiteke, magrebiar, hegoamerikar, andaluziar edo baita euskararekin lotura batere izan ez duen bertakoa ere.
Euskaltegian badaude kanpotar batzuek, besteak beste, pakistandarra, argentinarra, Txilekoa, Baleareskoa, Gironakoa eta Suitzan jaiotako andaluziarra. Gehienak gogo handiarekin hurbildu dira euskategira eta interes handia dute euskaraz jarduteko.
Astean zortzi orduko ikastaroa izango da, astelehenetik ostegunera emango da, egunero bi ordu. Ordutegia zehaztu gabe dago baina, arratsaldeko 16:00 eta 19:30 bitartean izango da. Kanpotarrek aukera bikaina dute euskaraz trebatzen joateko.
Muntteri euskaltegiak euskara ikasten ari diren hainbat ikasle mota ditu. Guztira aurten zazpi talde jada martxan dituzte eta beste batzuk proiektuan dira.