Domu Santu jendetsua

Txintxarri 2009ko azaroaren 2a

Aurten igandea egokitu da Santu Guztien Eguna eta eguraldi bikaina lagun, herritar ugari inguratu zen Illarraltzueta hilerrira kolore eta mota askotako lore sortak euren senditarteko eta lagunen hilobietara eramatera, gogoan dituztela adierazteko
Goiz-goizetik Lasarte-Oriatik Illarraltzueta hilerrirako bidea kotxez, zein oinezkoez bete zen, hauek guztiak gure artean ez dauden pertsonei agur egitera joanak.
Hala ere, festa eguna izanik, bazegoen lanean zebilen norbait. Urtero legez, Ormazabal loradendako kideak hilerriko atean egon ziren azken orduko eskariak bete nahian.

Kolunbarioa
Gainera, atzo udal hilerrira hurbildu zirenek, kolunbario berria ikusteko aukera izan zuten.
Errautsentzako 96 horma-hilobi ditu kolunbarioak eta 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera egongo da martxan.
Ana Urchueguia alkateak azaldu duenez, "azken urteotan ehorzketa kopurua jaitsi egin da eta errausketa kopurua %40 ingurukoa da."
Horren ondorioz, kolunbarioa eraiki da. Izan ere, alkatearen hitzetan,"gure helburua da egungo beharrei egokitzea eta herritarrei zerbitzu osoa eskaintzea".