“Unionen erretiratzea espero dut”

itxaso-moreno 2009ko azaroaren 2a

Gorka Brit 31 urteko lasarteoriatarra dugu. Futbolari profesional hau Michelingo zelaian ikusi ahal izan genuen bere hastapenetan, eta orain, Real Union futbol taldearekin bigarren mailan dihardu. Profesional bezala urteak hainbat taldetan, eta hainbat lurraldetan igaro baditu ere, ez du inoiz bere jaioterria ahaztu. Zumaburun hasi zituen bere ikasketak, ondoren Kaxkarron jarraitu eta herriko institutoan amaitu. Txikitatik futbolean aritu zen Gorka herrian zehar, hainbat torneo eta txapelketetan. Futbola maitatzen ikasi zuen, eta txikitako desioa egi bihurtzea lortu zuen, futbolari profesional gisa jardun ahal izatea.

Nola izan ziren zure hastapenak futbolena?
Nire haur garaian, eskola guztietan, plaza guztietan torneo ugari antolatzen ziren futbolean aritzeko. Kirol hau praktikatzeko aukera anitz zeuden, beraz, ikastolako orduak amaitu bezain laster, baloia zenuen hanka tartean, zure lagunekin maite zenuen kirol horretan aritzeko. Ni horrela hasi nintzen, pixkanaka-pixkanaka, lagunekin herrian futbolean arituz, eta azkenean, profesional bihurtzeko aukera izan nuen.

Zer dela eta futbolarekiko pasio hori?
Egia esaten badizut, ez dakit. Seguruenik, komentatu dudan haurtzaroko garai horretan futbola zen ikusten genuen kirola, ez ginen beste ezertan aritzen. Gainera, askotan Atotxara joaten ginen, Erreala ikustera, eta bertan bizi zen giro ikaragarri hori bizi eta barneratzen genuen, futbolarekiko sentipen berezia eraginez. Igandeak egun zoragarriak ziren niretzat, Errealak Atotxan jolasten zuen, eta ikustera joaten nintzen. Aste osoa lagunekin futbolean aritu, eta igandetan Atotxan. Azkenean, txikitako amets moduan handitzean Atotxan jokatu ahal izatea genuen, eta sortzen zigun ilusio horrek futbola gehiago maitatzea eragiten zigun.

Ametsa egi bihurtu zen?
Jubenilekin, torneo batean, izan nuen Atotxan jokatzeko aukera. Ilusio handia egiten dit momentu hauetan gogoratzea bertan jokatu ahal izan nuela, nahiz eta torneo bateko finala izan, gaur egun existitzen ez delako, eta barnean zerbait berezia geratu zaidalako.

Zure hastapenak Mitxelingo kirol gunean izan ziren. Nola aldatu dira instalazioak harez geroztik?
Hasieran belarrezko zelai bat besterik ez zegoen, eta gainera, handienak bakarrik erabiltzen zuten. Txikienak, futbitoan, edota hondartzan aritu behar genuen torneoetan. Orain, beste kontu bat da, zelaia asko handitu dute, eta talde bat baino gehiago aritu daiteke futbolean. Onera egin du dudarik gabe.

Nola ikusten duzu mementu hauetan herriko futbolarien kalitatea?
Denbora dezente daramat herriko talde baten partidurik ikusi gabe. Kanpoan ibili naizenez ez dut denborarik izan. Hala ere, Lasarten betidanik egon eta antzeman da kirolarien kalitatea, hori ezin da ukatu. Oroitzapen onak ditut nire hastapenetaz, herriko taldeetan ibili nintzenean, garai haiek ez ditut inoiz ahaztuko.

Aurreko urtean, Sorian, Numancian, eta aurten, Irunen, Real Unionen... oraindik urte beteko kontratua zenuen Numancian, zergatik aldaketa?
Aurreko urtean Real Unionek egindako denboraldia jarraitu nuen, kategoriaz igotzea lortuko ote zuen esperoan, bertan jokatu ahal izateko. Play-off-a jokatu zutenean, eta bigarren mailara igotzea lortu zutenean, jarrerak elkartzeari ekin genion. Nik Unionen jokatzeko gogo handia nuen, eta eurek, interes handia zuten ni unionista bihurtzeko. Numanciarekin kontratua eten eta Irun aldera etorri nintzen.

Unionista izateko idei hori azpimarratzen duzu behin eta berriz, baina zergatik hainbeste gogo?
Gipuzkoan dauden talde ugarietan jokatu dut, baina Real Union geratzen zitzaidan. Kategoria igoera lortu zuenean, ilusioz bete ninduen, eta are eta gehiago nigan pentsatu zutenean. Nik betidanik esan ohi izan dut nire azken urtean Real Unionen pasa nahi nituela, eta ametsak, Atotxan jokatzea bezala, batzuetan egi bihurtzen dira. Helburu zehatza du talde honetan, Real Union lagundu, eta hainbeste kosta egin zaion kategoria igoera hori mantendu eta bigarren mailan errotzen laguntzea. 45 urte dira union bigarren mailan ikusten ez genuela, eta momentu garrantzitsu honen parte izatea erronka handia da. Proiektu polita dago esku artean eta ilusioz betetzen nau.

Ligan sartu zenuen lehenengo golak, Real Unioni bigarren mailan bere lehenengo garaipena lortzen lagundu zion, zer sentitu zenuen?
Oso kontent jarri nintzen. Baina era berean, lasaitasun puntu bat ere lortu nuen. Aurredenboraldian ez nuen golik sartzea lortu, eta horrek eragiten zidan barnean. Gironan izan zen nire lehen gola unionioneko kamisetarekin, gol oso garrantzitsua.

Lortutako bigarren garaipenean ere, zure gola, talisman batean bihurtzen ari zara?
Golak eta garaipenak talde osoaren lana dira. Golak sartu ahal izateko taldekideak elkarturik egon behar dira, aurrelariak bakarrik ezingo genituzke golak sartu.

Real Union ondo jokatzen ari dela ezin da ukatu, hala ere, atean baloiak sartzea kostatzen ari zaio...
Kostatzen ari zaio bai. Baina ezin da ahaztu taldeak denbora behar duela bigarren maila ezagutu eta barneratzeko. Jokoa behintzat bada, futbola egiten dugu, eta jada hasi dira lehenengo ekarpenak iristen. Futbolean garrantzitsuena golak sartzea da, ahalik eta puntu gehien lortzeko.

Ze partidu espero duzu gogo gehiagorekin?
Gipuzkoar derbia dudarik gabe. Nik uste oso giro ona sortuko dela, irundar jendea irrikitan dago. Ilusio handia egiten dit Anoetan jokatzea, behin bakarrik egon naiz bertan Osasunarekin. Eta aurten espero errepikatzea, baina Unioneko kamiseta jantzita.

Errealekoa edo Unionista?
Unionista, baina aldi berean, bihotzean, errealzalea ere.

Zure erretiratzea Unionen?
Horrela izatea gustatuko litzaidake. Zure onena eman ahal izateko gustura egon behar zara, eta esan beharra daukat, Irunen daramadan denbora labur honetan oso ondo sentitu naizela. Nire ustez, oso zoriontsu izan naiteke hemen.

Gainera herrian, zure jendearekin...
Oso kontent nago herrira bueltatu izanagatik. Hainbeste urte kanpoan igaro ondoren, ilusioz hartzen da. Ez duzu hemengo hutsunea somatzen kanpoan zauden arte. Baina azken finean, bizi-esperientziak lortu ditut, eta orain berriro herrian nago. Lasarte-Orian gustura nago, kontent, eta horrek ere, Unionen eman dezakedanean eragin dezake, kontent baldin bazaude, zure errendimenduan nabaritzen da.