“Behobia-Donostian parte hartzeko prest nago”

itxaso-moreno 2009ko azaroaren 5a

Patxi Fadrique lasarteoriatarrak, kirolzale amorratua dugu eta aurten Behobia-Donostian lehenaldiz hartuko du parte. Donostiako krosa eta Lasarte- Oria Bai Krosa erabili behar zituen erdi-maratoia prestatzeko, baina azkenean, herriko krosean ateratzerik ez zuen izan, obrak zirela medio, asfaltaturik gabe zeudelako ibilbideko hainbat zati. Hala ere, bere burua ondo ikusi, eta asteburuan Behobian ikusiko dugu lasarteoriatarra.

Nola prestatu duzu Behobia-Donostia?
Egia esaten badut, ez dut ezer berezirik egin. Erabiliko dudan aulkia Lasarte-Oriako krosean erabili dudana izango da, beraz ezagutu egiten dut, eta horrek seguritatea ematen dit. Hori bai, aulkiko gurpilak aldatu behar izan ditut, aldapa gehiago daudenez ibilbidean zehar gurpileko aroak ere handiagoak behar dute. Nik kirol ugari egiten dut, egunero nabil zerbaitetan, beraz, fondo aldetik ezer berezirik egin gabe prestatzen ari naiz. Saskibaloian, pilotan... aritzen naiz, beraz, nik uste dut prestatuta nagoela, indarrei dagokionez parte hartu ahal izateko.

Kros zalea zara?
Ni normalean ez naiz krosetan ibiltzen, Lasarteko krosean hiru urte daramat parte hartzen, eta gero Gasteizko batean ere ibilia naiz. Donostian ospatu den 15 kilometrotako batean ere hartu dut parte eta bertan ondo ikusi naizenez, Behobia-Donostian parte hartuko dut. Nahiko gogorra da, baina fisikoki oso ondo aurkitzen naiz parte hartzeko.

Normalean herriko krosean parte hartu izan duzu, aurten erronka berria, nola animatuko zenituzkete gurpildun aulkietan dauden pertsonak krosetan parte hartzeko?
Zaila ikusten dut benetako animuak eman ahal izatea. Izan ere, egongo da jende asko parte hartu nahiko duena, ondo pasatzen delako amateur moduan krosa hauetan. Baina arazo handi batekin aurkitzen gara, aulki berezia behar izatea. Beraz, animatu dezaket jendea, baina aulki hori ez baldin badu ezingo du parte hartu. Gainera, kirola praktikatzen ez dutenentzat ez nieke ezer egin gabe krosean parte hartzea aholkatuko, lehenengo beste kirol batzuetan aritzea esango nieke, izan ere, erabili beharreko aulkiaren postura nahiko arraroa eta berezia da, beraz ohitu beharra dago, ondoren probaz disfrutatu ahal izateko.

Nolakoa izan zen herriko krosean parte hartu zenuen lehenengo urte hori?
Jende guztiak aldapetan kontuz ibiltzeko aholkatzen zidan, bertan abiadura handia hartzen delako eta beraz galgaz baliatzeko esaten zidaten. Kasu egin, eta oinezkoak segituan harrapatu ninduten, ondoren arazo gehiago suertatu zitzaizkidan. Jendea aurrean duzu, eta zu zure erritmoa mugatzen dute, ez dute ikusten zu atzetik zatozela eta espazio gehiago behar duzula.

Aulki bereziak lortzea zaila da?
Kemen elkarteak alokairuan uzten ditu. Beste aukera bat erostea da, baina prezioa 3.000 euro inguru ibiltzen da. Beraz, lehenengo, probatu beharra dago inbertsio hori egin aurretik. Gainera dirutza hori aulki batean gastatzea ez dago denen esku. Momentu hauetan, federazioan kroseko eskola bat ipintzea pentsatzen ari gara, eta orduan aulkiak erosiko genituzke... baina momentuz ideia bat da. Orain arte, krosa praktikatzeko aukera Kemen taldeak bakarrik eskaintzen du.

Behobia-Donostian parte hartzeko egoera fisiko onean aurkitzen zara, marka ona lortuko duzulakoan zaude?
Ni ondo pasatzera ateratzen naiz. Ez naiz karrera guztietara joaten diren horietakoak, Lasarte-Oria Bai Krosean adibidez, disfrutatzera ateratzen naiz. Urtetik urtera hobeto pasatzen dudalako, aulkia gehiago ezagutzen dudalako, izan ere, gehiagotan erabili dut. Ibiltzeko modua ere hobeto ezagutzen duzu... eta guzti horrek nire jomuga ahalbidetzen dit. Behobian gainera, helburu bezala amaitu ahal izatea dut. 21 kilometro dira proba honetan, eta normalean ez ditut hainbeste kilometrotako krosak egin, baina ondo pasatzea espero dut.

Aurten Behobian lehenengo aldiz hartuko duzu parte, urduri?
Urduritasun kutsua badut. Izan ere, nire lehenengo urtea da gurpildun aulkiarekin parte hartuko dudala. Baina egia esanda, urduritasun gehiegirik gabe. Momentu honetan, urduritasun gehiena eguraldiak sortarazten dit. Eguraldi ona egitea baino ez dut espero.