Lasarte-Oriako Udalak eta Atzegik lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur eguerdian.
Ana Urchueguia alkateak eta Jose Luis Basoko Atzegiko ordezkariak sinatutakoari esker, Jon Roncero, Down Sindromea duen gazte lasarteoriatarra urtebete izango da udal zerbitzuetan laguntzen.
Helburua gizartea adimen urritasuna duten pertsonek izan ditzaketen balore eta ahalmenez jabetzea da.
Eta, aldi berean, aukerak ematen zaizkie beren inguruan eta herriaren egunerokotasunean modu aktiboan parte-hartzeko.
Esperientzia berria
Down Sindromea duten pertsonal lan munduan txertatzen duen esperientzia berria da hau. Basoko jaunak azaldu duen bezala, “Down Sindromea duten pertsonak Gureak-en lan paregabea egiten dute, baina hau, pertsona hauen egoera gizartean finkatzeko aurrera pausua ematea da.”
Ana Urchueguiaren hitzetan, “Udalak espero du eredu gisa ere balio izatea beste instituzio eta enpresa batzuek antzeko esperientziei ateak irekitzeko.”
Atzegiko ordezkariak, azaldu duen bezala, “Jonen generazioa izan zen lehena ikastolara joaten eta orain, lan munduan egiten dugun esperientzia piloto honetan ere parte hartuko du.”
Esperientziak urtebeteko iraupena izango du eta astelehenetik aurrera bere eginkizunetan ikusi ahalko dugu Jon. Alkateak esan duen bezala, “besteak bezala lan egitea eskatuko diogu.”
Eginkizunak
Jonen lana bi ataletan banatuko da, Udal kiroldegian eta Kultur etxean. Bietan lan administratiboak egingo ditu eta, honetaz gain, laguntzaile lanak egingo ditu kiroldegian monitoreekin eta kultur etxean liburutegian.
Udalak jakin arazi duenez, Kulturako eta Kiroletako sailak aukeratu ditu herritarrekin harreman gehien izan ahalko duen sailak direlako.
Honetaz gain, aipatu behar da Udalak ekimen hau zabaldu nahi duela eta Atzegirekin lanean ari dela beste bi akordio sinatzeko bi pertsona laguntzaile bezala sartzeko Zentro Zibikoan eta Udaletxean.