Lasarte-Oriako Udalaren eta Euskal Fondoen elkar lanari esker, Saharako errefuxiatuen egunerokotasuna aztertzeko aukera dago Manuel Lekuona Kultur etxean, Amets bat eraikitzen erakusketaren bidez.
Iaz erakusketa Lasarte-Orian egon bazen ere, ez zen Asier Bastida argazkigilearen iritzia eta esperientzia ezagutzeko aukera egon.
Astearte goizean, berriz, erakusketaren irekiera ekitaldian, udal ordezkarien aurrean Bastidak azalpen ugari eskaini zituen.
Argazkigilearen hitzetan, erakusketa hau "ez da denuntzia. Sahararren egunerokotasunaren isla izatea nahi nuen."
Egileak azaldu duenez, ez dira argazki topikoak. “Ez nituen bertan hain ikusiak diren irudiak errepikatu nahi,” esan zuen Asier Bastidak.
31 irudi, erretratuak eta paisaiak, koloretan, zein zuri-beltzean. Bastidak azpimarratu duenez, "ni erosoago sentitzen naiz zuri-beltzean lan egiten, baina argazki batzuk koloreetan izan behar zirela iruditu zitzaidan, argia eta kontrasteak ikusteko."
Erakusketaren helburua egilearen aburuz, argazkiak aztertu eta hausnarketa sortzea da. Eta horretarako aukera egongo da hilaren 27a arte.
Bisitak
Era berean, Iñaki Mujika alkate ordeak aipatu zuenez, Lasarte-Oriako ikastoletako gazteak eta elkarte ezberdinak ere errefuxiatuen munduan sartuko dira egingo diren bisitei esker.
Izan ere, “erakusketa interesgarria da, bertako egoera ulertzeko,” adierazi zuen alkate ordeak.