Urtean zehar garatzen ari den Lasarte-Oria Dantzan zirkuituaren baitan, Da. Te Danza konpainiak Tondo Redondo lana eskainiko du gaur, arratsaldeko 17:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean.
Oraingo honetan, 4 urte arteko haurrei zuzendutako dantza garaikideko obra bat eskainiko dute.
Objektu biribilak abiapuntutzat hartuta, bizitzaren zikloa kontatzen du lanak.
Ikuskizunean mugimenduek, musika eta soinuek sortzen dituzten irudi eta sentsazioek, txikiekin zuzeneko komunikazioa lortzea dute helburu.
Oholtzan
Haurrak oholtzan egongo dira eserita eta guraso edo laguntzaile bat egongo da ume bakoitzarekin. Horregatik, saioa modu egokian ikusteko haur kopurua berrogeira murriztuko da.
Gainontzeko helduek besaulki-patioan esertzeko aukera izango dute ikuskizunaz gozatzeko.
Sarrera doakoa izango da haurrentzako eta helduek sei euro ordaindu beharko dituzte.
Lasarte-Oria Dantzan
Tondo Redondo lana Lasarte-Oria Dantzan 2009 egitasmoko azken emanaldia dugu.
Orain arte, dantzaren estilo ezberdinak, klasikoa, break-dancea edo dantza garaikidea, ikusi ahal izan dira kultur etxeko emanaldietan.
Izan ere, programa honen helburua dantza sustatu eta zabaltzea da eta, era berean, interes orokorreko diziplina bihurtzea.