Aurreko urtean jantzi tradizionalak egiten ikasteko ikastaroan izan zinen, nolakoa izan da esperientzia?
Oso polita eta interesgarria izan zen. Baserritar jantziei buruzko gauza ezberdinak erakutsi zizkiguten. Garaiko jantzietaz aritu zitzaizkigun, ezagutarazi zizkiguten, baita ideia asko eman ere gurea egiterako orduan.
Honetaz aparte, behin zein jantzi egin nahi genuen erabaki eta gero, gauzatzeko laguntza eta josten ikastea ere gure eskura jarri zuen irakasleak. Baina ikastaro honek, jantzia nola egin ikasteko aukeraz aparte, jende asko eta ezberdinarekin jartzen zaitu kontaktuan.
Adin ezberdineko pertsonak elkartu ginen, elkarrizketa politak sortuz. Komentario ugari eta oso bestelakoak izan genituen jardun, giro oso ona, giro polita sortuz.
Nolako da Ione Artola jostun irakasle gisa?
Oso irakasle ona da. Gauzak ondo egitea gustatzen zaio, eta hori nabari da. Nik asko ikasi dut berari esker. Nire lana berez bordatzea da, horretan banekien, baina orain Ioneri esker josten espezialista egin naiz. Manga bat nola josi jakin dezakezu, baina hori esplikatzeko gai izatea meritu handikoa da. Oso azalpen onak ematen ditu, berezia da irakasten.
Inoiz josi ez duen batentzat baliagarria izan al daiteke honelako ikastaroa?
Bai eta ez. Bai, Ionek ondo irakasten duelako. Ez, aurreko urteko asmoa bakoitzak jantzi bat egitea zelako, eta azkenean denboraz larri ibili ginelako. Josten bagenekienak oso larri ibili ginen gure jantzia bukatzeko, beraz, imajinatu ezer egiten ez zekitenak. Normalean, etxeko lanak bidaltzen zizkigun, beraz, hastapenetan zeudenentzat zailagoa zen etxean egin beharrekoak egiten lortzea. Baina azkenean, jantzi oso txukunak egin genituen guztiok.
Baserritar jantzi tradizionalak egin zenituzten, ezta?
Denetik egon zen. Bizpahiruk betiko jantzi tradizionalak egin zituzten, txuri-beltz horietakoak, baina gehienek koloretakoak egin genituen. Beste batzuk, gerruntze, txaketak, bainikazko atondurak,... egin zituzten. Nik adibidez, bainikarekin ez nuen ezer egin, ez zidan denborarik eman horretan hasteko. Baina esan beharra dut, bainikarekin ibili zirenek, oso gauza politak egin zituztela. Nik gona egin nuen, orain oso jantziegia iruditzen zait, eta aurten, beste estilo batekoa egitea dut buruan.
Zertan oinarritu zineten jantziak egiteko?
Antolakuntzatik begiratuak zituzten garai ezberdinetako jantziak nolakoak ziren, nola egin. Hala ere, bakoitzak bere ideiak zituen. Oihalak erostera joaten zarenean, baserritarren oihal dendak dituztenetara adibidez, garai ezberdinetako argazkiak dituzte eta erakutsi egiten dizkizuten, idei bat egiteko ere. Hala ere, nik uste bakoitzak nahiko argi geneukala ze jantzi edota atondu mota egin nahi genuen.
Josten jakiteak ze garrantzia du gaur egun?
Bakoitzaren araberakoa. Niretzako garrantzitsua da. Nik txikitatik gauza asko bizi izan ditudalako joskintzarekin. Ikastaro honetan jende nahiko bildu gara josteko, eta horrek, nire txikitako garaiak gogorarazi dizkit. Amak bordatuak egiten zituen, eta gure etxeko sukaldea handia zenez, han biltzen ziren izebak eta amak bakoitzak bere lana egiteko. Niri asko erakartzen dit bordatu edota josteko ekintzak, baina orokorrean nik uste ez duela zirrara asko pizten jendearengan.
Gure amonen abilezia galduko ote da?
Horretarako bidea hartu duela dirudi. Baina, oraindik, honetan jardutea gustuko dugun ni bezalako txoroak geratzen gara. Hala ere zail zamar ikusten dut hauen biziraupena. Egun, lan guzti hauek mekanizatuak daude. Lehen gehienak azpialdeak konpontzen bagenekien, gaur egun ez. Dendak egiten digu, edota ibiltzearen poderioz zulatzen ditugunean, beste batzuengatik aldatzen ditugu.
Merezi al du ikastaroak?
Dudarik gabe. Oso polita izan da esperientzia, egindako lana eta zer esan gehiagorik, nik aurten berriro errepikatuko dut. Soineko txukuna eta zuk zeuk egindakoa, aukera paregabea da.