“Elkarrizketa hau herritarrei eginez gero, politagoa izango litzake,” esan digu Isabelek elkarrizketa hasi baino lehen.
Erretiroa hartzeko unea iritsi zaie eta zera diote “momentu onean goaz, horrela gertatu da, ez da aurrez pentsatutako gauza izan. Aukera izan dugu eta listo.”
Seme-alabei proposamena egin zietela aipatu digute, “taberna nahi zuten bezala jartzeko aukera zutela esan genien eta ezetza eman zuten. Hirugarren generazioa da, aita eta ama nola ibili diren ikusi dute...”
Lehenengo urteak
Lehenengo hamar urteetan, Jesus Mari Zubizarretaren gurasoak hasi ziren tabernarekin.
“Orduan, txikitatik lan egiten genuen eta Jesus Marik gurasoei laguntzen zien,” azaldu digu Isabelek.
Jesus Marik dioenez, Gipuzkoa mailan lehenengoak izan ziren 4:30ak aldera irekitzen. “Orduan, goizero hamahiru kamioi gelditzen ziren hemen aurrean ibilbidea hasi baino lehen. Kafea, kopa, purua eta errepidea,” aipatu digu eta “Michelingo 30 edo 40 langile 6:00etan lanera sartu baino lehen, kafesnea hartzera etortzen ziren eta irteterakoan berdin,” gaineratu du.
Aitaren zorroztasuna ere azpimarratzen dute, “guztiak antolatua egon behar zuen eta lanari aurre hartu behar zitzaion. Honela, kafea aterata egoten zen, ez da orain bezala, jendeak eskatzerakoan ateratzen duzula,” azaldu digu Isabelek.
Eta urte horietakoa dugu lehengo anekdota. “Taberna ireki zenean jendeak bertara ezin zela sartu zioen, zer hartzen zenuen ikusten zelako. Orduan, taberna guztiak itxiak ziren eta gurea izan zen lehena kristalera handia izaten,” azaldu du Jesus Marik.
Aitzindari
Eta senar-emazteak aipatutakoaren arabera, aitzindari izan zen Zubi taberna gauza askotan.
“Kafetegia izateaz gain, gozotegia ere bazen. Lasarteko lehenengo izozkiak saldu genituen, baita errege-opilak ere. Orduan okindegiek ez zituzten saltzen. Ondorioz, errege egunerako eskaera pila izaten genituen, goizean goiz haien bila joan, tabernako mahai guztiak bete eta jendeari banatzen joan. Gero pixkanaka okindegietan, dendatan... eta ez zen normala taberna batean erostea beraz utzi genuen.
Horretaz gain, ogia, pastak, urdaiazpikoa, bokatak, bonboiak, erregaliza, etab. saltzen zituztela esan digute.
Gabonetan zestak zozketatzen zituztela, Gabonetako loterian behin baino gehiagotan zerbait lortu dutela ere, adierazi digute.
Gaupasak eta jaiak
Aurten urterik tristeena izan dela ere azpimarratu dute, “jaiak Okendotik kanpora eraman dituzte, Santa Anako parodia eta azoka, Lasarte-Oria bai! Krosa. Tristura handia sartu zitzaigun, esate baterako, San Pedro egunean 22:00etan itxi genuenean.”
Eta honela antzinako San Pedroei eta gazteen gaupasei Plazan buruz hitz egin digute.
“Giroa zegoenean, tabernan ere giro ederra egoten zen. Lan pila egin behar genuen, baina nik dantzatxo bat egitera joaten nintzen plazara,” onartu digu Isabelek.
“San Pedroetan hemen sokamuturra egoten zen, urte haietan garai hori izaten zen hoberena. Taberna betetzen zen eta gustura ibiltzen ginen lanean,” jarraitu du.
Honetaz gain, jaietan ez ezik igandeetan ere giroa egoten zela aipatu digute. “Okendon lehen dantzaldia zegoen igandeetan. Batzuetan ez genuen ezta bazkaltzeko tarterik ere. 14:30ean etxera igo eta 16:00etan dantzaldia hasi baino lehen ireki behar genuen. Lehen jendeak gehiago poteatzen zuen eta igande osoa pasatzen zuten, gaueko hamarrak arte,” esan digu
Gainera, goizetan irekitzen lehen taberna zenez, herriko gazteak gaupasa egin ostean, bertara joaten ziren.
“Hemen gazte generazio asko ikusi ditu. Orain leku gehiago daude irekiak, baina lehen hona etortzen ziren besteak ixterakoan. Gure adinarekin haien gurasoak genirudien,” esan digu Isabelek eta honela jarraitu du, “batzuk loreak hartzen zituzten hor aurrean genuen lorategitik, bat amarentzat eta bestea niri ematen zizkidaten.”
Baina hori bakarrik ez, “mendira joan edo autobusa hartu baino lehen hemendik pasatzen ziren gazteak,”aipatu du Isabelek.
Eta, gainera, hitz onak besterik ez ditu bertan lanean ibili diren neska eta mutilei buruz.
Bizipenak
Anekdota eta oroitzapen pila dituzte, kristalak hautsi, areto-futboleko lehenengo txapelketak, hasierako komuna Gure-Etxearekin partekatua, kafetera zaharra edo diskoen makina.
Horretaz gain, gauza pila bizi dituzte herritarrekin, Franco garaia, hil ondorengo egunak, demokrazia, Michelingo grebak... eta “esan ezin direnak.”
Negar asko ere egin dutela onartu du Isabelek, “lagun asko joan da oso gaztea. Gainera, taberna baino, solasaldiak izateko lekua izan da. Eguneroko pertsonekin hitz egin eta harremana laguntasun bihurtu da urteen buruan.”
Azken astea, jendea agurtzen pasa dute. Goibel agertzen dira berrogeita hamar urte hauetako lana atzean utziko dutelako.
Baina, "egin beharrekoa egin dugu. Orain, lehen egin ezin genituen gauzak egingo ditugu, terraza batean eseri, kultur etxeko antzerki lan bat ikusi, kalean lasai ibiltzea eta asteburuaz gozatu,” onartu du Isabelek.