LH3 eta LH6ko gaztetxoentzat Gazte kluba eta Gazteburuak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 8a

Ttakun kultur elkarteko Aisia sailak Lasarte-Oriako 9 eta 12 urte arteko gazteak gonbidatu nahi ditu Amaraun Ludotekara hurbildu eta Gazte kluba ezagutzera.
Hitzordua ostirala honetan 17:30etan izango da bertan ondo pasatu eta lagun berriak egiteko aukera izango duzu.
Honetaz gain,ostiralero ekintza ugari egiteko aukera izango duzue, hala nola, malabarak, magia, tailerrak, jolasak, sukaldaritza.

Gazteburua

Aurten, gainera, berrikuntza bat dakar Gazte klubak, Gazteburuak.
Hilean behin egingo den ekintza honetan irteerak, festak, gaubelak, berbenak, etab antolatuko dira asteburuetako aisia indartuz.
9-12 urteko gaztetxoei zuzendutako ekimena dugu, hortaz, udako txokoetan eta Kanpaldietan ibili diren adin horietako gaztetxoek, zein Gazte klubean daudenek parte-hartu dezakete asteburu berezi hauetan.
Ttakuneko aisia sailak azaldu duenez, ekimen honen helburuak bi dira, batetik gaztetxoei aisialdiaz gozatzeko aukera ematea eta, bestetik, Udako txoko eta Kanpaldietan sortu diren harremanak mantentzea.

Proiekzioa eta berbena

Honela, Gazteburuetako lehenengo ekintza, azaroaren 14ean, larunbatean antolatu da Manuel Lekuona kultur etxean.
Arratsaldeko 17:30etan dute hitzordua Udako txoko eta Kanpaldietako gaztetxoek.
Bertan taldeak banatu eta udako oroitzapenak gogora ekarriko dituzte argazkien proiekzioari esker.
Eta, ostean, begiraleekin egoteko tartea izango dute.
Arratsaldea era paregabean bukatzeko, Gazte klubeko gaztetxoek guztiekin bat egin eta musika, jokoak eta emanaldiak bateratzen dituen berbena egingo da 18:30etatik 20:30etara kafetegian.