“Ehiztaria mendizalea izaten da”

jon-altuna 2009ko azaroaren 9a

Josu Sarasola•Ehiza arduraduna Buruntz Azpi elkartean Buruntz-Azpi elkartean izan gara ehiza denboraldia nola doan ezagutzeko. Josu Sarasola, ehiza saileko arduradunak azaldu digunez, urriaren 12tik aurrera egunero egiten dute postuen zozketa elkartean. Irailean tortolak ehizatzen hasten dira, gero usoak eta azkenik birigarroak. Astean zehar 15-20 lagunek parte hartzen du 18 postuen zozketan eta asteburuari begira ostiralekoan, jende gehiagok.

Udazkena heltzean, egunak argitu orduko, ehiztariak mendi aldera jotzen dute, postuetan ordu batzuk pasatzeko uso edo birigarroen zain; ondoren elkartean hamaiketakoa egin eta bazkaltzera etxera joaten dira gehienak. Ehizako araudia zaharra da, 1971koa, baina argia: gauez ezin da ehizarik egin, ilundu baino lehen aritu beharra dute. Buruntz Azpi elkarteko ehiztariek aurten usoren bat edo beste eta birigarro asko bota dituztela kontatu digu Josu Sarasola elkarteko arduradunak. "Izan ere, hauek ez dira postu oso onak. Hau oso behean dago, eta horregatik jende gutxi etortzen da zozketara. Mendi altuagoak hobeak dira, Urnieta eta Andoainen badaude usotarako postu hobeak, 40 bat guztira, baina gehiago balio dute".

Udazkenean izaten da ehiza denboraldia beraz?
Gu irailaren erdi aldean hasten gara zozketak egiten, tortola garaian. Baina azken urteotan ez da tortolarik pasatzen. Gero urrian usoak eta azaroan birigarroak datoz. Usoa gehiena pasa da jada eta orain birigarroa pasatzen ari da. Hau txikixeagoa da baina asko pasatzen da.

Eta bestela, urtean zehar zer egiten duzue?
Txapelketa ezberdinak egiten dira. Batetik eperren eta faisanen ehiza zakurrarekin, bestetik plater tiraketa eta hirugarren bat galeperren ehiza.

Zuek ehiza kirola dela uste duzue?
Bai, kirola da zalantzarik gabe.

Eta gizonezkoen kirola? Aritzen al da neskarik ehizan?
Bai bada hemen txapelketetan oso ondo ibiltzen den bat. Gipuzkoa mailan badira lau edo bost neska.

Garestia al da zaletasun hau?
Ez da merkea izaten. 25 kartutxoko kaxa 5-6 euro dira baina gero paperak atera behar dira, lizentzia, asegurua eta abar; hau hemen ibiltzeko librean eta gero askok kotoak dauzkate, Salamancara, Soriara edo Burgosera joaten dira galeper edo eperrak ehizatzera, baina nik ez dakit, ni neu ez naiz ehiztaria. Aurten Buruntz Azpi elkartean ehizako arduraduna naiz.
Eta beste batzuk Nafarroara ere joaten dira basurdetara. Elkartean badaude koadrila batzuk basurdetan ibiltzen direnak.

Ehizatutako txori eta basurdeak hemen bertan jaten al dira gero?
Bai, garai honetan afari asko egiten dira usoak jateko.

Sukaldari finak ere izango dira beraz?
Bai beti izaten dira elkartean usoak prestatzen dituztenak edo basurdeak, orkatzak,...

Ekologistek diote gaur egun ez duela zentzurik ehizak. Zuek zein iritzi duzue?
Zer esango dizut ba, hau Arrantza eta Ehiza elkartea da eta. Ehiza beti egon da eta nik uste dut beti egongo dela. Gainera diru asko mugitzen du ehizak, lizentzia, arma, kotoa... lanpostuak ere sortzen dira. Toki batzutan urte guztian prestatzen ari dira gero jendea ehizara hara joateko. Milaka ehiztari dago.

Hainbeste ehiztarirekin, Kantauriko arrainak bezala ez dira ba txoriak galduko?
Beti izan da pasea. Urteak izaten dira gehiago edo gutxiago pasatzen direnak, baina...

Askotan eguraldi txarrarekin ibili behar, eta hala ere gozatu egiten al dute ehiztariek?
Bai, horretarako sentitu egin behar da. Ni ehiztaria izandakoa naiz eta mendian ez da hotzik pasatzen. Nola esaten da, gustuko tokian aldaparik ez. Horrela izaten da, gustatu egin behar. Ni perretxikotan ibiltzen naiz eta maldan gora edo maldan behera, baina gustura. Gero etortzen naizenean, "a ze paliza hartu dudan!" diot, baina bitartean gustura ibiltzen naiz.

Ehiztariak perretxikutan ere ibiltzen al dira, ba?
Bai, onddoak ateratzen hasten direnean mugitzen da hemengo jendea, ehiztaria normalean mendizalea izaten baita.

Elkarteko ehiztarien artean zein da ondoen dabilena?
Txapelketa batean batek irabazten du, bestean besteak, maila asko daude eta ez naiz ausartzen zein den onena esaten.

Eta zein da zaletasun gehien duena?
Jubilatu bat bada, 77 bat urte ditu, Antonio Carrasco, txapelketatan ibiltzen da zakurrarekin. Zaletasun handia du. Hori esango nuke, daukan adina izanda ere, hona eta hara ibiltzen da eta.