“Birziklapenaren etorkizuna atez atekoa da”

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 9a

Atez ateko bilketa ez da Lasarte-Oriara iritsiko, horren ordez, bostgarren edukiontzia ezartzea da Udalaren intentzioa. Birziklapena berriegia da oraindik gure gizartean, informazio asko jasotzen dugun arren, hutsune asko ditugu zaborrak gaika sailkatu behar ditugunean. San Markos Mankomunitateak urtero bezala, ditugun ezjakintasun horiei irtenbidea eman nahian ekimen bat martxan jarri du, Reziklarte delakoa. Edukiontziak arte lan bihurtzeko lehiaketa interesgarria, eta gure herrira iristear dago.

Zer da Reziklarte?
Gaikako bilketarekin lotutako mezuak artearen ikuspegitik indartzea helburu duen kanpaina da. San Markos Mankomunitateak, garapen iraunko- rrarekin duen konpromezuaren barnean kokatuta dagoena.

Nolatan sortu zen ekimen honen ideia?
Ideia Ecovidrio eta Ecoembres-ek proposatu ziguten, gainera gauzatzeko beharrezko diru laguntza ere eman ziguten. Oso interesgarria eta deigarria iruditu zitzaigun, aurrekotan egin ditugun kanpainei zertxobait gehiago gehitzen zielako, erakargarritasuna. Arte bidetik, zaborren mundura, hain zikina den mundu horretara hurbilduz.

Zer dela eta edukiontzi zaharrak berrerabili arte lanetan bihurtuz?
Hondakinen kudeaketa-sisteman atez ateko gaikako bilketa sartu zenetik, edukiontzien lekua hartu du esekitokien sistemak, eta hori aprobetxatuz jendea kontzientziatzeko modu ikusgarria iruditu zitzaigun Reziklarte.

Parte hartzaileen arte lanekin, erakusketa ibiltaria antolatu da. Lasarte-Oriara ostegunean, hilaren 12an iritsiko da, zer ikusiko da bertan?
64 lan aurkeztu ziren Reziklartera, kriba egin eta gero, 26 arte lan gauzatu ziren. Guztiak elkarrekin Donostian egon dira, eta azken astean Errenderian ikusi ahal izango ditugu. Gu Lasarten 13 arte lan, erdia, bakarrik izango dugu ikusgai. Kaleetan ikusten ditugun ontzi horiak, plastikoa botatzeko erabiltzen ditugunak, arte lan bihurtuak erakutsiko zaizkigu. Artista bakoitzak birziklapenaren inguruan duen ideia plasmatuta. Gure herrian Andatza plazan egongo da, eta jende guztia animatuko nuke gerturatzeko eta arte lan hauetan disfrutatzeko.

Arteaz aparte, informazio gunea ere izango da erakusketa ibiltaria. Ze informazio mota egongo da eskuragarri?
Herritarrei informatzea eta artatzea izango da helburua, birziklapenaren inguruko dudak argitzeko asmoarekin. Askotan material batzuk non bota behar dugun dudak ditugu, beraz, birziklatze lerro bakoitzari zer dagokion azalduko zaigu; zer bota, zer ez... Hori bera konprobatzeko eta ikusteko, joko batzuk egongo dira. Ikus-entzunezkoak ere egongo dira bideo batzuk ikusteko, eta azpimarratzekoa da, Usurbilgo atez ateko esperientzia ere ikusteko aukera egongo dela; mekanika eta emaitzak. Gauzak objetiboki ezagutzeko aukera ona eskaini nahi dugu.
Gainera honetaz aparte, jendeak ikusten dituen arte lanak bozkatu ahal izango ditu, eta erakusketa amaitzerakoan, boto gehien jaso dituzten bi edukiontzien egileek saria jasoko dute.

Ondo hezi al gaituzte birziklapenaren inguruan?
Heziketa saioak egin dira, orain dela gutxi, hemen Lasarte-Orian bertan, liburuxka batzuk banatu dira jendeak izan ditzaketen dudak argitu nahian, adibide nahiko argiekin. Modu oso grafikoan, didaktikoan, begietatik erraz sartzen den formatu batean egiten saiatu gara. Gauzak jaso egiten dira, irakurri, eta gero ahaztu. Horregatik, nik uste, gai honen inguruan askotan ibili behar garela informazioa helarazten. Denborarekin, poliki-poliki gizartea ikasten doa.

Gizarteak ba al daki benetan birziklapenak duen garrantzia?
Neurri batean bakarrik. Senak berak esaten digunaren arabera; ekologia aldetik, energia aurrezteko, materialak aurrezteko, kontaminazio gutxiago sortzeko.... baina orokorrean, dituen eragin sakonetaz, nik uste, ez direla jabetzen, orokorrean, nahiz susmo batzuk badituzten.

Zeintzuk dira erronkak beraz, gure heziketa lortzeko?
Informazioa ematen jarraitzea, horrela sentsibilizazioaren bitartez eragin ahal izateko. Hala ere, bizi garen gizarte honetan, egunero, une oron, mezuak jasotzen ditugu, eta hauetako asko, etorri ahala joan egiten zaizkigu, ez ditugu barneratzen.

Non dago birziklapenaren etorkizuna?
Orokorrean, zaborraren kudeaketaren gakoa, gaur egun, bilketa sisteman dago. Orain arteko sistemarekin ikusi egin da, aurrerapen batzuk egin direla, baina ematen du jada tope batera iristen ari garela. Ikusi ahal izan dugunez, atez atekoa jarrita dagoen tokietan, lortu diren emaitzak oso onak izan dira. Nik argi daukat beraz, etorkizuna hori dela.
Honen inguruan, tratamendu sistemari dagokionez, beste eztabaidak eman behar dira. Hau da, zabortegiak edota erraustea... Baina gakoa bilketa sisteman dago.
Bilketa sistema berri honetan, beno hain berria ere ez da, orain dela urte batzuetako berbera dugu, baina hobetua, gauzak sailkatua, behar bezala egindakoak. Askok aipatzen dute, bilketa mota honek kostuak garestitzen dituela, egia da, baina tratamenduan aurrezten dugunarekin alderatuz, ekonomikoki merezi du. Horretaz aparte, ekologikoki, osasunaren aldetik ere askoz eraginkorragoa da.

Lasarten atez atekoari ezetz esan, eta bosgarren ontzi bat ipintzearen alde agertu dira. Eraginkorra izan daiteke?
Partzuergoak Amara auzoan proiektu pilotua bultzatu zuen, eta orain abenduan amaituko da. Aurreko astean prentsa irakurri ahal izan genuen moduan, Donostiako Udalak birplanteatzen ari da bosgarren edukiontzi hori Amaran mantentzea, nahiz eta hasiera batean, beste auzoetara zabaldu nahia adierazi zuen, baina arazo ekonomikoak sistema hau kolokan jarri du. Ekonomikoki beraz, nik uste argi dagoela izugarrizko gastua dakarrela, lortzen diren emaitza hain txikientzako.
Gainera, nik uste dut ez direla borondatez parte hartzera bultzatzen gaituen sistema garatu behar, baizik eta biztanle guztiak parte hartzaile egiten gaituen sistema batekiko apustua egin behar dela. Eta argi daukadana da, bi sistemak ezin direla aldi berean mantendu, gastuak bikoiztu egingo bailirateke, eta atarramentu txikiekin.

Etorkizuna atez atekoan, beraz?
Nik uste dut, gero eta nabarmenagoa ikusiko dugula.