Bertsozaleen arteko tertuliak

jon-altuna 2009ko azaroaren 9a

Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketa Nagusiko alderdi ezberdinak komentatuko dira bertso tertulietan. Txapelketako irudiak ikusi eta gero zabalduko da eztabaida. Azaroaren 17an Xirimiri elkartean egingo den lehen tertulian herriko bertsolarien saioak jorratuko dira, eta abenduaren 1ean Arrieskalleta elkartean egingo den bigarrenean finalerdietako saioak nola doazen eta finalari begira dauden ikuspuntu eta aukerak aztertuko dira.

Ttakuneko Bertso Eskolak azaroan eta abenduan burutuko diren bi tertuliatan bilduko ditu Lasarteko bertsozaleak. Azaroaren 17an arratsaldeko 20:00etan Xirimirin egingo da lehen afari merienda-tertulia eta abenduaren 1ean ordu berean Arrieskaletan bigarrena. Bertso tertulia hauetan Txapelketa Nagusiko irudiak eskainiko dira eta, horien inguruan, interesa duen edozein egoera edo gai jorratuko dute ondoren.
Herriko bertsozale guztiak daude gonbidatuta bertso tertulietara, eta antolatzaileek esan dutenez guztien parte hartzea izango da mahai inguruei interesa emango diena. Oro har bertsozale orori zabalik dago beraz, txapelketako bertsoak izango dira nagusi, baina beste hainbat arlo aztertuko dira. Besteak beste, txapelketa bera, daukan oihartzuna, hartu duen dimentsio, tamaina eta garrantzia, aurreko txapelketekin konparaketa, zer izan zen eta zer den txapelketa, bertsolarien gora beherak,... Bertsozaleek afari meriendetara joateko asmoa baldin badute, Ttakun elkartera deitu beharko dute, 943 371448 telefono zenbakira.
Lehenengo bertso tertulian, 17an Xirimirin, Unai Muñoa, Amaia Agirre eta Miren Artetxek kanporaketetan egindako lana begiratuko dute. Aipatutako bertsolarien bertso batzuk ikusi eta komentatuko dira. Bigarrenean, abenduaren 1ekoan finala nola ikusten den eta final-erdietako saioak nolakoak izan diren aztertuko dira.

Porra
Bertso Eskolak txapelketa dela eta bi porra egingo ditu. Lehenengoan zazpi finalistak zeintzuk izango diren asmatu beharko da. Porra bakoitzeko euro bat ordainduko da, eta asmatzaileak jasoko du bildutako dirua. Batek baino gehiagok asmatzen badu, hauen artean zozketa egingo da.
Bigarren porran txapelduna nor den eta beste zazpi finalisten postuak asmatu beharko dira. Bertso tertulietan izango da porra egiteko aukera eta herriko tabernetan ere jarriko dira porra egiteko orriak.

Sarrerak
Txapelketa Nagusiko finala Barakaldoko BECen jokatuko da abenduaren 13an, igandea, goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 16:30ean.
Finaleko sarrerak salgai daude Jalgi tabernan 26 eurotan. Bertsozale Elkarteko bazkideen sarrera, 18 eurotan eta gazteena 6 euro www.txapelketanagusia.eu webgunean eskuratu daitezke, hauek soilik internet bidez.
Jalgin daude salgai Barakaldora busez joan-etorria egiteko eta final egunean BECen bertan bazkaltzeko txartelak ere. Autobusez joan nahi dutenek beste 12 euro ordaindu beharko dituzte eta bertan bazkaldu daiteke 20 euroren truke.
Finaleko sarrera arruntak, bertan bazkaltzeko eta autobusez joateko txartelak daude salgai beraz Jalgin.
www.bertsosarrerak.eu ataria da txapelketako sarrera guztiak erosteko beste aukera.