“Kroazia-Bosnia ezagutzea esperientzia paregabea izan da”

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 9a

Abuztuaren 11an hasi zen Asier Gorostegi, Beñat Bergara, Mikel Olaiz, Naike Zumeta begiraleen eta 11 gazteen abentura Europatik. Jomuga; Bosnia-Kroazia, baina bidean, Frantzia, Italia, Suitza, Austria, Alemania, Liechestein ere ikusteko aukera izan zuten. Bi furgonetak hartu eta 20 eguneko bidaiari ekin zioten. Bosniak duela urte gutxi bizi izan duen guda eta horren historian busti nahiak bultzatu zituen lasarteoriatar hauek.

Kirola egin, museoak bisitatu, herrialdeen historietaz jabetu, eta nola ez, dibertsiorako denbora ere aurkitu dute gazte hauek. Esperientzia intentsua bizi izan dutena, eguneko 24 orduak elkarrekin pasa dituzte; lekuak bisitatzen, bazkaria prestatzen, eta lo egiten ere bai. "Bidai interesgarria baina era berean neketsua ere egin zaigu, bero handia egin digu eta gainera dutxa behar genuenean ezin hartu gabe" adierazten du Asier Gorostegik.

Hegoaldetik ekialdera
Bidaia energiaz hasi, eta lehenengo parada Montpelat mendia, Alpeak, izan ziren. 3.000 metro dituen mendi honek, 2000 metrotik hasi eta igo ere "ez zen hain zaila izan, gazte batzuei nahiko kostatu zitzaien, baina egin genuen" aipatzen du Asier Gorostegi. Ondoren, Italiarantz hartu zuten bidea. Bertan bi herrialde bisitatzea zituzten planifikatua "hara iritsi eta ikusteko gutxi zutela konturatu, eta Veneziara joatea erabaki genuen, han ziur genekien ikustekoak anitzak zirela" helarazten du Naike Zumeta. Hiria ezagutu, miatu eta disfrutatu eta gero Kroaziaruntz abiatzeko momentua. Turistiko da oso. Ondoren Bosnia, bertako historiaz, kontrasteetaz jabetuz. Herrialde modernoak, herrialde bonbardatuak, oraindik bala inpaktuak argi eta garbi ikusiz.
"Bosnian, Sarajevon, Gorazden... guda egon denaren arrastorik ia ez da sumatzen, eraikinak berrituak daude, eraikin modernoak.... beste gauza bat da pertsonen barrenetan geratutako zauriak" adierazten du Asierrek.

Kroazia-Bosnia
Balkanetako guda orain dela hamar urte komunikabide guztietan genituen, ulertzen saiatu bai, baina askotan ezina. Gazte hauek aukera paregabea izan dute bertako errealitatea ezagutzeko. SOS Balkanesek Dzermina, bosniatar batekin jarri zituen kontaktuan. Gazte hau guda garaia Galizian igaro zuen, baina ondo esplikatu zien bere herrialdeak jasandako txikizioa. "Lehenengo pertsonan kontatu zigun bizitako tragedia, familia ugaritan gertatu dena. Senitartekoak galdu, familiak zatitu, benetan bizi izan duten dohakabetasun horretaz jabetzeko aukera eman zigun, errealitateaz jabetzeko" adierazten du Mikel Olaizek.

Europa eskura
"Oso erreza da Europatik bidaiatzea" aipatzen du Mikelek. "Bidai aberasgarria izan da, gauza asko ezagutu eta ikasteko aukera eskaini digu, jendearekiko genituen aurreritziak erabat aldatu zaizkigu gainera" eransten du. Esperientzia paregabea gazte hauek bizi izan dutena, "momentuan momentukoaz disfrutatzen saiatu gara, giroaz, jendeaz, monumentuetaz, herrialdeetaz..." adierazten du Naikek.

Diaporama eta blog-a
Gurpil zulaketak, Azucar Moreno Sarajevon egindako parrandan entzutea, gasolina gabe geratu, multa jaso, gutxi dutxatu, muga bateko hesia apurtu, Dachau kontzentrazio kanpoa ezagutzeko aukera, Gorazden guda garaiko tanke baten egon ahal izatea... abenturak eta anekdotak mila, bidaia intentsua eta dibertigarria. 20 egunez Europa ezagutzen. Hemen bakarrik bidaiako lehen platera eskaini da, bigarren platera eta postrea dastatzeko gogoa izanez gero, www.blogari.net/ttapattipi blogean, edota asteazkenean, Jalgi kafe-antzokian gaueko 21:30ean aukera paregabea.