“Sorpresa litzake finalean parte-hartzea”

Nerea Eizagirre 2009ko aza. 13a, 01:00

Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketako bigarren kanporaketa burutu zen Zumaian urriaren 31an. Honetan Goiatz Irazabal eta Lierni Arozena Lasarte-Oriako Musika Eskolako bi ikasle aurkeztu ziren Abestu zituzten bi kantuak, gainera, Musika Eskolako bi irakaslek sortuak dira. [i]Zoriontasunaren giltza[/i] kantuko hitzak eta musika Aitor Uria irakasleak egindakoak dira eta [i]Aske[/i] kantuaren hitzak Nerea Goikoetxearenak dira, musika Aitor Uria berarena delarik. Arrasateko kanporaketa jokatu eta Goiatzek finalerako txartela zuela jakin baino lehen, lauekin bildu ginen, haien esperientziaz eta txapelketa honetaz gehiago jakiteko.

Nola sortu zen txapelketan parte hartzekoa ideia?
Nerea- Lehengo urtean, hemen zegoen irakasle bat, Lorea, aurkeztu zen txapelketara eta garai horretan nik komentatu nion Liernirekin pianoa jotzeaz gain, klaseetan abesten genuela eta hark ea zergatik ez nuen Lierni aurkezten galdetu zuen.
Orduan aztertu genuen. Kantu txapelketa bi daude, haur eta helduena. Adinez Lierni helduen mailan ez zen sartzen, 16 urte gorako txapelketa baita, eta haurren txapelketan helduena izango litzateke. Horrela utzi genuen eta aurten kontzertu baten ostean, parte hartzea erabaki nuen. Eta Aitorri aipatu nion.

Zenbat denbora izan duzue guztia prestatzeko?
Aitor- Irailean guztia azaldu zidan, sormeneko abestiak zirela, hizkia ere guk egin behar genuela. Noiz aurkeztu behar ziren galdetzean urrian zela esan zidan.
N.- Orduan lan guztia egin behar zen, abestia sortu, hizkia jarri eta entseguak egin...
A.- Ahotsekin frogatu. Hasiera batean, gainera, Aske abestia Goiatzek kantatu behar zuen eta Liernik Zoriontasunaren giltza, baina tesituragatik aldatu behar izan zen.

Nolako esperientzia izan zen txapelketan parte-hartzea?
Goiatz- Urduritasuna, etab. Txistulari txapelketetan ere berdin da. Baina, oraingoan, Liernirekin egon nintzen eta egoeran berdinean zegoenez ba laguntzen ginen. Baina entsaiooekin alderatuta, ongi atera zela uste dut. Ondo pasa nuen.
Lierni- Esperientzia oso polita izan da eta gustura nago egin nuenarekin. Uste baino hobeto. Gainera, bi minutuak motzak egin zitzaizkidan.

Nolako maila ikusi zenuten? Eta abestiei dagokionez?
L.- Denetarik zegoen, batzuk ahots politak zituzten baina abestia ez zen sormenezkoa. Beraz, txapelketan parte hartzeko ez zen oso aproposa.
N.- Alde horretatik, guk abesti oso zailak aurkeztu genituen.
A.- Nik ez nuen zailtasunean pentsatu. Nik kezka gehiago nuen abeslariek norbere egitearekin eta gustuko izatearekin. Baina kanporaketatik irten ginenean eskolako beste irakasle batek esan zuen gure abestiak zailak zirela.

Abeslariek Aitorren laguntza izan zuten pianoarekin oholtza gainean. Baina herritik joan al zen beste norbait animatzera?
N.- Bai, kuadrilla, ikasle helduak, irakasleak,... Lasarte-Oriako jendea ugari egon zen bertan. Inplikazio handia egon zen.

Eta finalerako aukerarik ikusten al duzue?
N.- Guk Zumaiako kanporaketako erreferentzia dugu bakarrik, beraz ez dakigu beste bi saioetan nolako abestiak dauden. Zaila da finalera iristea, bakarlariak, bikoteak eta taldeak egongo baitira.
G.- Lehenengo aldia da goazena, beste parte hartzaileetako asko behin baino gehiagotan aurkeztu dira eta badakite nolakoa den txapelketa.
A.- Baina helburua ez zen finalera iristea. Aitzaki bezala hartu genuen esperientzia berriak bizitzeko. Guretzako lehenengo aldia da hizkiak egiten ditugunak. Lierni eta Goiatzentzat ere esperientzia berria izan da txapelketan taula gainean abestearena.
N.- Musika eskolarentzat ere lehenengo aldia da horrelako txapelketa batean parte hartzen duena. Guretzat ikasitakoa praktikan jartzea eta ongi pasatzea zen garrantzitsuena. Bertan parte hartzea sari bat zen.
L.- Hala ere, finalera iritsiko ez garela suposatzen dugu. Oso zaila da.
G.- Sorpresa handia izango litzake finalean egotea.

Errepikatuko al zenukete?
A.- Gogoa baldin badago eta hurrengo urtean hemen jarraitzen badugu lanean, bai. Gainera, bi abesti eramango ditugu. Ze bi minutu dira abesti bat...
G.- Nik ere errepikatuko nuke. Ondo pasatzen da, gustatzen zaigu kantatzea eta ez da esfortzua. (Lierni ere bat dator)