Lehenengo fase motza jokatu du Ostadarreko taldeak, itzuli bakarrera zazpi partida.
Infantilen entrenatzaileak, Gorrik azaldu digunez, “espero baino hobeto igaro dugu lehenengo fasea. Mutilak langileak dira eta ongi egin dute.”
Izan ere, etxeko bezala jokatutako partidatan garai ezina agertu ziren lasarteoriatarrak, lau partida irabazita. Kanpoko bezala, ordea, bat irabazi eta bi galdu zituzten, horietako bat, sailkapeneko lehenengoa izango zen Vasconiaren aurka.
Eta honi buruz hitz egin digu infantil txikien entrenatzaileak, “taldean Vasconia izan ezik, beste guztiek maila parekoa genuen.”
Txapeldunen fasea
Bere taldeko bigarren bukatu zuten infantil txikiak eta talde bakoitzako lau lehenak sailkatzen zirenez, txapeldunen faserako txartela eskuratu zuen.
“Gogorra izango da. Gipuzkoa mailako talde hoberenen aurka jokatuko dugu, hala nola, Sanse,” azaldu digu entrenatzaileak.
Eta horrek, lehengo astean Txapeldunen faseko jardunaldian jokatutako partidan du isla.
Ostadarreko mutilek bana berdindu zuten Lengokoaren aurka. “Justu ibili ginen. Jokalari gutxi genituen gripea dela eta. Baina, hala ere, berdinketa lortu genuen,” azaldu digu.
Txapelketako fase berria hasi besterik ez da egin eta mutikoak oso animatuak eta ikasteko gogoekin daudela aipatu du Gorrik.
“Talde polita dugu eta azkar ulertzen dituzte Javier Olaizolak ematen dizkien argibide teknikoak. Hala ere, helburua haiek ongi pasatzea eta futbolean jolastea dira,” esan du eta horretarako hogeita bat jardunaldi dituzte oraindik.