Ttakun Sariak lehenengoz Lasarte-Orian

itxaso-moreno 2009ko aza. 13a, 01:00

Ttakun Kultur Elkarteak, ez da inoiz geldirik geratzen. Horren adibide, prestatu berri duen ekintza. Oraingoan Ttakun Sariak deritzonak antolatu ditu.
Sari hauen helburua, euskara edo euskal kulturaren munduan zerbait berezia egin dutenak errekonozimentua adieraztea da. "Ttakun Sariak asmakizun bat izan dira, azken finean. Ttakunek bere bazkideekin urtean behin zita egiteko aitzaki moduan proposatu duena" adierazi dute antolatzaileek.

Ttakunkidetza erreafirmatzea
Garai batean, afariren bat egiten zuten, noizean behin bazkideek elkarren berri izateko. Egun, ez dira hainbeste egiten, eta zita hori berreskuratzeko nahiarekin "eta Ttakunkide izatearen erreafirmatze hori berreskuratzeko otu zitzaigun ideia" gaineratu dute.
Aurreko urtean Euskararen Maratoia ospatu zen herrian, eta herritar orok izan zuen aukera gutxienez 40 ordu euskaraz bizitzeko. Baina, Maratoia lau urtez behin ospatzen denez, tarte horretan, berriro biltzeko zitak antolatzea da asmoa. Idea hau aspaldian zegoen elkartearen asmoetan eta urtea amaitu baino lehen burutuko da.
Ttakunzaleen afaria egitea helburua baldin badu ere, euskararen munduan urtean zehar zerbait espeziala egin duena omendu eta nabarmenduko da.

Aukeraketa
Aurtengo sariduna Ttakuneko zuzendaritzak proposatu eta aukeratu badu ere, hurrengo urteetan erabaki hau bazkideei luzatuko zaie. Omendua aukeratzeko proposamenak bidaltzeko aukera izango dute bazkideek. Proposamen guztiak bildutakoan aukeraketa sistema bat eratuko da.

Saritua
Sariduna eta du zertan herrikoa izan behar. Lasarte-Oriarekin nolabaiteko lotura izatea aski izango da. Arlo honetan malguak izango direla adierazi dute, ez dutela hertsiki jokatuko.
Aurten saridun bakarra egongo den arren, Ttakuneko antolakuntzatik argi utzi nahi dute "ez dela beti pertsona bakar bat sarituko, urtearen arabera, eta proposamenen arabera erabakiko da. Kolektibo bat suertatu daiteke saridun", beraz urte batean saritu bat, edo gehiago egon litezke, baita esparru batekoa edo bestekoa.

Txitxardin Beltxan
Euskaldunak jale onak garela ezin ukatu, ospakizun guztiak mahai baten inguruan egiteko ohitura dugu, eta Ttakun Sariak ere horrela ospatuko dira. Txitxardin Beltxa jatetxean izango da zita, azaroaren 28an, gaueko bederatzietan. "Menu paregabea eta oso prezio onean prestatu digute".
150 pertsonentzako lekua dago, beraz, tiketak agortu baino lehen zurearekin egiteko aukerarik ez galdu. Tike horiek eskuratzeko, Ttakuneko egoitzatik pasa behar da.
Helduentzako menua 30 eurotan eta umeena (16 urte arte) 10 eurotan eskuragarri izango duzue. Sarrerak jada salgai daude bazkideentzat, eta azaroaren 25era arte izango dute epea irekita.

Menua
Helduek: foie, porru eta ganbez betetako hojaldrea, txangurroz betetako krepa, zapoa edo azpizuna aukeran, tarta eta izozkia izango dute dastatzeko. Edaria, kafea eta kopa prezioaren barne daude.
Haurrek, urdaiazpikoa, askotariko frijituak, solomoa patata frijitu eta piperrekin eta izozkia izango dute menu gisa. Edaria ere prezioan sartzen delarik.
“Afari ederra, dibertigarria eta afal oste ezin hobea garantizatzen ditugu" diote antolatzaileek. Afari hau ez da Ttakuneko bazkideei soilik mugatuko, lasarteoriatar guztiei luzatu nahi diete gonbitea "Ttakunen lan esparrua herria da, eta herriak berak sostengatzen gaitu" dio Mailuk. Ttakuneko bazkide ez direnentzat sarrerak 16tik 25era bitartean izango dituzte salgai.

Lasarte-Oriako estiloa
Lasarte-Oriak badu gauzak ospatzeko estilo berezia, eta horren arabera antolatuko da Ttakun Sarien ingurukoa.
"Herrian artista asko dago, lotsagabe asko, baita taulatua asko gustatzen zaien horietakoak. Maratoian sortzen den afal osteko giroa sortzea dugu asmoa eta lortuko dugula uste dugu" diote Ttakuneko arduradunek.
Afari paregabea dastatu eta gero, show pixka bat, eta nola ez, gauzak ezin hobeto amaitzeko, dantzaldia bertaratutako guztientzat. Aukera ederra Lasarte-Oriako herritarrak, Ttakuneko bazkide direnak eta ez direnak, denak elkarrekin, ondo pasatzeko eta euskaraz eta euskal kulturak eskaintzen dituenaz disfrutatzeko.

Omendu erakargarria
Ttakun Sarien lehenengo omenduak erakargarritasun handia du herrian. "Lehengo urtea izanik apustu indartsua egin dugu, jende askok ezagutzen duen pertsona eta herrian estimatua" dio Mailuk. Sarien lehenengo edizio honetarako "ezbairik gabe saria merezi duen pertsona erabaki dugu" gaineratzen du.
Hurrengo astean sarituaren izenaren kuriositatea asetuko duzue hemen bertan, Txintxarri aldizkarian. Horren bitartean buruari eragiteko gonbitea luzatzen dizuegu, ea nork irabazten dituen apustuak!