Atzo goizean, ohiko Udalbatzarra burutu zen Lasarte-Oriako Udalean.
Lehenik, aurreko ohiz kanpoko Udalbatzarrean emendakinekin gertatutako ekiditeko, Udaleko idazkariak emendakinak noiz eta nola aurkeztu behar diren azaldu zien bertan zeuden zinegotziei.
Ondoren, Udalbatzari hasiera eman zitzaion 2009ko ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri ematearekin.
Oposizioak ez zuen eragozpenik izan eta hurrengo puntua uztartu zuten, alkatetzaren proposamenez, EUDELek Euskal Autonomia Erkidegoko Entitate Lokaletarako Jardunbide Egokien eskuliburuari atxikimena.
Puntua onartu zen alderdi sozialista, EB eta LOHPren bozkekin. Zinegotzi ez adskribituak, EAJ eta H1 alderdiek abstentzioa bozkatu zuten.
Honen bidez, herritarrek administrazio publikoetan dituzten datu pertsonalak babestea eskatu dezakete hemendik aurrera.
Era berean, Lasarte-Oriako Udalak hilerrian egin berri duen kolunbarioa arautzeko ordenantza ere onartu izan zen. Honetan, PSOE eta EBko aldeko bozka eta LOHP, zinegotzi ez adskribituen, EAJ eta H1 zinegotzien abstentzioa izan zuen.
Taxien 2010eko hiri barruko tarifa berrien bozkari dagokionez, EAJren bozka izan ezik, abstentzioa egin zutela, beste alderdi guztiek alde egin zuten.
Kargu aldaketak
Bestalde, alderdi sozialista eta EB alderdien arteko Udal gobernu hitzarmenaren etetearen ostean, Ana Urchueguia alkateak egoera aztertu eta aldaketak egingo zituela aurreratu zuen.
Era honetara, alkatetzat Rikardo Ortega zinegotziaren bosgarren alkateorde izendapena eta Ingurumen, Merkataritza, Kontsumo eta Sanitate Batzordeko lehendakaritza baliogabetu ditu.
Legealdia bukatu arte, Marisa Zubiri dugu Ingurumen, Merkataritza, Kontsumo eta Sanitate Batzordeko lehendakari berria eta bosgarren lehendakari ordearen lekua Jesus Zaballosek hartuko du.
Alkatetzat Euskarako batzordea Rikardoren ardurapean geratu behar dela ulertzen du eta horrela jakin arazi du zinegotzi ez adskribituen galdeari erantzunez.
Konposta eta errauskailua
Era berean, Udaleko talde sozialistak Usurbilek Atsobakarreko eremuan jarri nahi duen konpostaje guneari buruzko mozioa eta zinegotzi ez adskribituek Lasarte-Oriako Udalerrian sortzen den hondakinak errauskailura ez eramateko mozioa aztertu ziren.
Bi puntu hauei buruz, Txintxarriko hurrengo zenbakian emango dugu berri.
Batzarreko azken puntua galderak eta eskaerak izan ziren.
Honetan, zinegotzi ez adskribituek auzoen arteko autobusa martxan noiz jarri behar zen galdetu zuten. Izan ere, aurrekontuetan horretarako diru kopuru bat baitago.
Ana Urchueguia alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin negoziaketak egin eta egoera ekonomikoagatik hau atzera bota dela azaldu zuen, “50.000 euro ordaindu behar genituen, orain 250.000. Beraz, oraingoz ez da martxan jarriko.”
Bestalde, zinegotzi ez adskribituek, baita LOHPk ere, administrari bat kontratatzeko protokoloa ez jarraitzea leporatu eta azalpenak eskatu zizkioten alkatetzari.
Alkateak teknikariekin hitz egin eta postu horietarako lan poltsarik ez zegoela ziurtatu ostean, Udalaren funtzionamenduaren onerako berak hartutako erabakia izan zela adierazi zuen.