“Oso zaila da gaur egun emakumea eta kirolari profesionala izatea”

jon-altuna 2009ko azaroaren 14a

Kirol zaletasuna eta psikologia ikasketak uztartu zituen Amaia Ramirez-ek eta horretan segitzen du. Denetarik egin du azken urteotan, berez ez du berak motibatu beharrik, psikologo, entrenadore, Jaurlaritzako Kirol Kontseiluko kide, Psikologia Fakultatean irakasle, hainbat ikerketa burutu ditu besteak beste kirol lesioak sendatzeko psikologiaren garrantziaz, arbitroen lanaz edota gazteen loditasunaz. Ez du denbora asko libre, baina irakurtzea eta antzerkia gustatzen zaizkio.

Coaching (entrenatzen ingelesez) deitzen dio Amaia Ramirezek bere lanari, helburu bat lortzeko pertsona edo talde bat prestatzea alegia. Goizetan, Akaba Bera Bera emakumeen eskubaloi taldean aritzen da eta arratsaldetan bere kontura, enpresa-coaching zerbitzuetan eta beste hainbat kirolarirekin bakarka.

Kirolarekin oso lotua den psikologoa zara, zure bizitzan eta lanean kirola beti ageri da...
Lasarte-Orian hasi nintzen jokalari moduan, gero Euskadiko eta Españako selekzioekin jokatu nuen junior mailara iritsi arte eta hortik bideratu nuen nire bizitza. Profesionalki psikologian murgildu nintzen eta horren barruan kirolean eta kirolarentzat prestatu.

Bera-Beran bigarren entrenatzaile eta psikologoa zara...
Nire lanaren %80a entrenadore nagusiarekin coaching lana da eta beste %20a, kirol errendimenduan eragina duten aldagai psikologikoak kontrolatzeko plangintza eta diseinua.

Garrantzia handia ematen al diozue psikologoaren lanari?
Gure taldean bai, multidisziplinazko ikuspegiarekin lan egiten dugu eta. Astelehenetan biltzen gara, aurreko zikloaren emaitzak, taldearen egoera eta etorkizunerako asmoak kontuan izanik hurrengo zikloa prestatzeko, hiru arlotan, fisikoa, psikologikoa, eta tekniko-taktikoa.

Zein emaitza izan dituzue?
Bost urtetan emaitzak ez dira txarrak izan. Aurten kirol-helburua erregulartasuna hobetzea zen, kalitatean salto bat emanaz, ligan lehen postuetan izateko. Hor gaude, baina aldiz kontrako zenbait baldintza elkartu dira batera eta Europatik kanpo geratu gara.

Aurten Europatik kanpo geratu zarete, baina emaitza onak izan dituzue azken urteotan...
Final zortziren edota final laurdenetaraino iritsi gara. Urtero izan gara presente Europan eta horixe da gainera gure proiektu profesionalari eusteko derrigorrezko baldintza.

Beharrezkoa al da psikologoa lehen mailako kirol taldeetan?
Entrenadorea psikologo ona izan behar dela esaten da, baina ez du zergatik horrela izan behar: ondoan izan dezake psikologoa, jokalarien jokabidea aztertu, aurreikusi eta egoera psikologiko batzuetara iristeko erantzun egokia bilatzeko gai den pertsonaren laguntza alegia.

Nola lan egiten duzue?
Jokalariek presio egoera batean jokatzen ikasi behar du horrela taldearen errendimendua hobetzeko. Guk entrenamenduetan lantzen ditugu gero gerta daitezkeen egoera estu horiek.

“Bajo Palos” liburua idatzi zenuen, zer nabarmenduko zenduke lan honetaz?
Atezainek hartu beharreko erabakien azterketa jasotzen zuen. Ikusi zen atezainei bizkor ibiltzeko erakutsi egin behar zitzaiela... eta lan hori beste postuetara ere eraman daitekeela. Jokalari batzuk taktikoki bizkorragoak dira, baina euren baliabideak eskatzen zitzaien egoeratara edo behar taktikoetara egokitzen ikasi egin dutelako. Hau oso garrantzitsua da, baina entrenadore askok ikasteko dute oraindik.

Unibertsitatean psikologia irakasle izan zara, zer ikasgai ematen zenuen?
Duela bi urte arte aritu nintzen. Euskara hizkuntz eskakizuna gainditu gabe daukat, eta beraz gaztelaniaz ordezkapenak egin nituen. Irakaskuntza asko maite dut, baina lan asko eskatzen zidan, ikasgai asko prestatu behar nituen, denetarik eman dut beraz egindako lana eta ordainaren artean ez zen orekarik. Dena den, nire bizitzako garai oso garrantzitsua izan da. Lau urte pasa nituen doktore tesia egiten. Ikerketa eta irakaskuntza uztartu ahal izan nituen eta guztira 14 urte izan dira horretan.

Ikerketa batzuk egin dituzu, ba al duzu interesgarria den bat edo beste laburbiltzerik?
Nire doktore tesiaren oinarri izan zirenetatik hasi gaitezke. Kirol lesioak sendatzeko prozesuan psikologi-arloak duen eraginaren azterketa. Kontutan izaten ez diren aldagai psikologikoen menpe dago askotan lesioaren gainditzea. Azkarrago sendatzea lortu daiteke, eta luzerako, hau da, berriro min berbera hartzeko arrisku-epea luzatu daiteke.
Gero beste ikerketa batzuk egin ditut hainbat gairi buruz, eskola kirolaren kalitateaz, azkena, Gipuzkoako ikasleen artean dagoen loditasunaz, eta miresten dudan beste bat, minusbaliotasuna duten pertsonen kirol ohituretaz. Laster argitaratuko den liburu hau, erronka handia izan da bost minusbaliotasun maila ezberdin daudelako eta banan banan landu genituelako.

Kirolean emakume eta gizonezkoen berdintasunaren gaia ere betidanik jorratu duzu...
Nire psikologo lana emakume kirolarien profesionalizatzea helburu duen egitasmo orokor baten barruan dago. Ez da erraza, baina pausuak ematen ari gara. Batzutan erakundeen aldetik prozesu hauek azkartzeko ekintza planen falta sumatzen dut, beste arlo batzuetan agian gehiago dira, baina kirolean oraindik beharren azpitik gaude. Emakume izan eta kirolari profesionala izatea oso zaila da. Erakundeen laguntza publiko asko ditugu eta horri esker aurrera egiten dugu.

Euskal Kirol Kontseiluan izan zara, zein lan egiten duzue?
Hiru urtetan izan naiz kontseiluan, orain zuzendari berria dauka eta ez dugu bere asmoen berri, baina orain artean jaurlaritzak bultzatzen dituen kirol jardueren plangintza eztabaidatu dugu bertan, kirol erakunde ezberdinen lana edota klub zein federazioen proposamenak aztertu, besteak beste. Azken finean, erakunde heterogeneo eta zabal bat da, elkarte ezberdinetako ordezkarien iritzia jasotzen duena.

Landaberriko helduen antzerki taldean hasi zara,... Zein zaletasun dituzu?
Irakurtzea oso gustuko dut, denbora gutxi daukadan arren. Eta duela lau urte hurbildu nintzen antzerkiaren mundura. Landaberri ikastolako antzerki eskolaren bidez, eta antzerkian ari ziren nire seme alaben eraginez. Gurasoak gonbidatu gintuzten eta harrapatu egin ninduen. Azken urteotan ezin izan dut aritu, denborarik ez nuelako, baina aurten kasualitatez talde berri bat sortu da hain juxtu nire ordu libreekin bat datorrena eta poz pozik nago. Gustura jarraituko nuke honetan. Duela lau urte euskal maratoian antzerki lan bat taularatu genuen eta atera aurretik nuen sentipena, aspaldi partiduen aurretik izaten nuenaren antzekoa zen: barrutik dena mugitzen zaizu. Erronka pertsonala da neure emozio eta zirrararekin lan egitea.