Urte bete igaro da Sustrai tabernak jabez aldatu zuenetik eta urteurrena ospatzeko kontzertu sail bat antolatu dute.
Larunbata honetan, Sniffers, Apurtu eta Kaos Kooperativ taldeek eman zioten hasiera urtemugako ospakizunei.
Herritar ugari bildu zen tabernan punk musikaz gozatzera.
Beste hiru kontzertu
Baina, arestian esan bezala, larunbatekoa ez da kontzertu bakarra izango.
Sustrai tabernaren urteurren honek beste talde asko hurbilduko baititu Lasarte-Oriara.
Hilaren 21an, Gargantas desgarradas eta Clavo oxidado taldeek beraien musika eskainiko diete Sustrai tabernara hurbiltzen diren guztiei.
Hilaren 28an, Pedrada en la cara eta Obito taldeak izango dira Sustrai taberna musikaz beteko dutenak.
Eta abenduaren 5ean, herriko Aurka eta Despervicio taldeen emanaldiarekin emango zaio bukaera lehenengo urtebetze honi.
Kontzertu guztiak, arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.
Ez galdu Sustrai tabernak bere urteurrenean musika talde ezberdin hauek ezagutzeko eskaintzen duen okasioa ezin hobea.