Osteguneko Udaltzarrean Alderdi sozialistak aurkeztutako Usurbilgo Udalak Atsobakarren jarri nahi duen konpostaje gunearen aurkako mozioa atera zen aurrera PSOE, LOHP, H1 eta EAJren bozkekin.
Era honetara, Udalbatzarra proiektuaren aurka agertzen da.
Honetaz gain, beharrezko ekintza legalak aurrea eramango dituztela jakin arazten dute eta Usurbilgo Udalak Plan partzialean egindako aldaketari alegazioa jarriko duela.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku-hartzea eskatzen du Bateragarritasun Plan bat egiteko.
Iñaki Mugika alkate ordeak azaldu zuenez, “Usurbilek eman dituen pausuak eta erabili dituen tresna legalak ez dira egokiak izan eta Aldundiaren eginkizunetan ere sartu da.”
“Lasarte-Oriako herria, merkatalgunea eta Froilan Elespe parkea eta hezegunearen ondoan eraiki nahi dute, ez da leku aproposa. Gainera, eremu hori kirol ekipamenduetarako izango zela, hitzartu genuen Usurbilgo Udalarekin” gaineratu zuen.
Era berean, Usurbilgo Udalak Lasarte-Oriako Udalaren iritziaren jakin gainean egon arren, honek aurrera egitea erabaki zuela adierazi zuen.
Rikardo Ortegak konpostaje guneen eta atez ateko sistemaren aurkako kanpaina dagoela salatu zuen eta herritarrengan alarma sortzen ari dela. Gainera, alkatetzari autokritika egitea eta proiektu berezia martxan jartzea ere eskatu zion.
Honetaz gain, EB, LOPH eta zinegotzi ez adskribituak bat etorri eta Usurbilgo Udalarekin hitz egiteko eskaria egin zioten alkatetzari.
Ez adskribituen mozioa
Bestalde, zinegotzi ez adskribituek errausketaren aurkako eta atez atekoaren aldeko mozioa aurkeztu zuen.
Honetan, Lasarte-Oriak sortutako hondakinak erraustera ez bideratzea, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Donostiako Udalari Zubietako errauskailuaren proiektua behin betiko bertan uztea, Gipuzkoako Foru Aldundiari atez ateko bilketa sistemaren aldeko apustu argi eta garbi egitea eta errauskailua inon ez egiteko eskatzen zuten.
Mozioa ez zen onartu alderdi sozialistaren aurkako bozkengatik. Ez adskribituek, EB eta LOHP alderdiek alde bozkatu zuten, H1eko zinegotzia abstenitu zen eta EAJko zinegotziak Udalbatzarra utzi zuen puntu hau baino lehen, beste eginkizunak zituelako.
Era berean, zinegotzi ez adskribituek alkatetzari herriko hondakinen sistema zein puntutan dagoen galdetu zuten.
"Non geratzen da Udalbatzarrean onartutako atez atekoaren aldeko mozioa?. Ez dute errauskailurik nahi, baina atez ateko ere ez," adierazi zuten.
Eta "arazoaren erantzuna bosgarren edukiontzia dela dirudi. Baina Amarako esperientzia pilotua bukatzear dago eta Donostiako Udalak errentagarria den edo ez aztertu behar du, bi sistemak mantentzea oso garestia delako," atxiki zuten.
Azpeitiko bosgarren edukiontziaren esperientziako datuak eta Usurbilgoak alderatu zituzten, atez atekoaren datuak hobeak izan direla azpimarratuz.
Eta azkenik, ez adskribituek EB, Lasarte-Oria Bizirik eta LOHPren elkarlana eskatu zuen atez atekoaren alde egiteko.
Rikardo Ortegak ere atez atekoa defendatu zuen eta LOHPko zinegotziak bere taldea atez atekoaren mozioaren aldeko dela berretsi zuen eta errauskailuaren aurka lan egiten jarraituko dutela.
Alderdi sozialistak, “guk ez diogu inoiz esan ezezko absolutua errauskailuari,” erantzun zuen, “baina kokapena ez da egokia.”
“Ez adskribituen mozioari baiezkoa eman eta gero, San Markosetik atera beharko ginateke. Udalak ezin du hondakina nora eraman behar duen erabaki,” gaineratu zuen.
Eta hondakinen sistemari buruz, “zaborra gizartearen arazoa da eta, beraz, erantzun globala hartu behar da gure ustez. Mankomunitateak erantzun behar du. Koordinazioa behar da eta plan bakarra egitea. Ez egun egiten den bezala, neurri lokalak hartzen direla.”