Behar berdina zeukaten gazte talde batek kaleko musika eskola sortzeko ideia izan zuten. Kezka hori aurrera ateratzeko modua zegoela ikusi eta bere adineko jendearekin harremanetan jarri ziren. Uztailean proba egin zuten eta egun, ostiralero 17:30etatik aurrera Villa Mirentxun biltzen dira.
Musika eskola berezi honetan zergatik hasi diren galdetu eta “nik musika gustuko dut eta musika ikasi nahi nuen, jendearekin harremana egin eta eguneratu. Gustatzen zaiguna egiten dugu,” esan du Oihanek.
Leirek ere, “musikaren bidez, harremanak egin eta musikaz disfrutatzea da garrantzitsuena,” aipatu du.
Asierrek hasieran ez zekien nola zihoan musika eskola. “Azaldu zidaten, baina ez nuen oso ondo ulertu. Eta lehenengo aldiz hara joan eta instrumentuak jotzen hasi, jende artean... Oso polita izan zen. Gainera, musika gustatzen bazaizu, jendea ezagutu eta instrumentu ezberdinak jotzeko aukera duzu,” gaineratu du.
Hasi berriak direnez, “jendeak oraindik ez daki zer den eta horrek atzera botatzen ditu,” esan du Leirek.
Egun, kaleko musika eskola 10 edo 12 lagunek osatzen dutela aipatu digute, “bost gitarra ikasten, lau perkusioan, tronpetan bat... Baina ez gara beti guztiak biltzen. Egunaren arabera izaten da eta normalean 5 edo 6 gaude.”
Honetaz gain, lagun artean daudela aipatu digute, “gehienak ezagutzen gara. Musika aitzakia da, era honetara, harremanak sakondu, solasaldia izan eta barre asko egiteko aukera ematen digu.”
“Nik lehen hitz egiten ez nuen pertsonekin hitz egiteko aukera izan dut,” gaineratu du Asierrek.
Eta horregatik Oihanek jendea animatu nahi du, “behin etorri eta zer den ikusten duzu, konfiantza dagoela eta ongi pasatzen dugula. Horrela, lehenengo egunean konfiantza hartzen duzu, lotsa galdu...”
Elkartrukea
Musika eskola tradizionaletik at, musika ikasteko beste modu bat dela azaldu digute eta bertan elkartrukea da nagusi.
“Bakoitzak jotzen dakien instrumentua darama eta bestei erakusten die. Elkartruke bat da,” adierazi du Oihanek.
Era honetara, “gitarra, perkusioa djembe, darbuka, kutxa flamenkoa... eta tronpeta ikasi ditzakegu,” azaldu digu Oihanek.
“Taldean ikasten da, ez dago ikasle irakasle estruktura finkorik. Gitarra jotzen dakien bat hirurekin bildu eta irakasten die, berdin gertatzen da beste instrumentuekin,” aipatu dute.
Halaber, argi daukate ez dutela Musika eskola tradizionalaren kontra egin nahi, “hau gehigarria da, ikasteko beste modu bat da,” adierazi dute.
Eta honetaz gain, “solfeorik ez dugu lantzen baina norbait prest agertzen bada. Eta era berean, beste instrumenturen bat jotzen dakien pertsona bat baldin badator ateak zabali ditu,” atxiki dute.
Inprobisazioa
Ostiralero bi edo hiru ordutako saioak egiten dituzte, “egunaren arabera eta gustura baldin badaude saioa gehiago luzatzen dugu,” esan du Oihanek.
Gainera, saio bakoitzean ikasteaz gain, inprobisazioak egiteko tartea dutela azaldu digu, “saioak bitan banatzen ditugu, lehenengoan instrumentuak jotzen ikasten dugu.” “Eta instrumentuekin konfiantza hartu,” gaineratu du Leirek. “Eta bigarrenean, ikasitakoa oinarritzat hartuta, abesti sinpleak eta inprobisazioak egiten ditugu, baita kantak sortu ere. Honela, Musika eskolako kantua egin dugu,” amaitu du Oihanek.
Doinua ez ezik, abestu ere egiten dutela onartu dute, “guztiok abesten dugu. Beno, abestiaren hizkia dakienak abesten du.”
Instrumentuekin duten trebeziari buruz galdetu eta “ni gitarrarekin zerotik hasi nintzen eta bi astetan abesti batzuk jotzen ditut,” esan digu Oihanek. Asierrek, berriz, “nik hasieran darbukari golpe bat ematen nion eta listo; orain, erritmo batzuk jotzen ditut.”
Honetaz gai, Multimusikalean jotzeko aukera dutela ere aurreratu digute, “sortutako kanta eta bertsioak. Errepertorio txiki bat bildu dugu, baina antolakuntzak ez digu ezer ziurtatu. Agian bertan behera geratzen da antolakuntzaren grebagatik.”
Kaletik lokalera
Baina negua dator eta kaleko giroa gogortzen doanez, kalea utzi eta aterpe bila ibili direla azaldu eta “gaur bertan Ttakuneko Gaztebilgunean biltzeko aukera eman digute.” Hala ere, udan edo eguraldia hobetzen duenean, berriro ere kalera bueltatzeko asmoa dutela adierazi dute.