“Soldaduskan baimen bat lortzeko hasi nintzen Behobian parte hartzen”

itxaso-moreno 2009ko azaroaren 16a

David Martín lasarteoriatarra aurtengo Behobia-Donostia lasterketan bederatzigarren postuarekin egin da. Haizea, euria eta kazkabarra nagusi izan diren edizioan, eguraldiak marka hobetu nahia ezindu dio kasualitatez kros munduan sartutako 36 urteko korrikalariari.

Bederatzigarren geratu zara aurten Behobia-Donostian, kontent lortutako emaitzarekin?
Ez asko egia esanda. Postua ona da, hori ezin da ukatu, baina egin dudan marka nahiko kaskarra iruditu zait. 01:06:42 izan da egindako denbora, eta nire marka 01:04:30ean dago, seigarren postua eskuratu nuenean, eta aurten oso urruti geratu naiz. Hala ere onartu egin behar dut, aurtengo eguraldia ez dela batere aproposa izan marka egiteko. Jendearen markak ikusi eta gero, ez dago hain gaizki.

Eguraldi kaskarra aurtengoa; euria, haizea, kazkabarra...
Batez ere haizeak min asko egin digu korrikalariei. Probaren hasieratik amaiera arte astindu zuen izugarri gogor, Gros eta Zurriola aldean batez ere. Beste urte batzuetan hego haizea izaten da, beste batzuetan eguraldi ona... hori ezin da aukeratu, eta eguraldiak eguraldi, beti dugu korrikalariok gure buruan marka hobetzea.

Nola sentitu zara aurtengo edizioan?
Gogor samarra izan da. 8. kilometroan bakarrik gelditu nintzen. Aurretik zihoan taldea oso polita zen, 7 segundoko aldea ateratzen zidan eta harrapatzen saiatu nintzen arren, 10. kilometroan uko egin nion saiakerari. Hortik aurrera, bakarrak joan nintzen, eta horrek proba gogorrago zelaren sentsazio eragin zidan. Haizea kontran, bakar-bakarrik, eta atzean nuen jendea estutzen, ez da batere erreza izan aurtengo Behobia-Donostia.

Ez duzu inoiz korrikalari profesionalean bilakatzea pentsatu?
36 urte dauzkak, jubilatzeko garaian nago, ez gauza handirik egiteko garaian, beraz profesional izate hori ez dago nire buruan. Gainera, ez dut inoiz horrelakorik planteatu, nik nire lana daukat eta argi daukat ere zertaz bizi behar naizen.

Nola hasi zinen korrikalari moduan?
Kasualitatez hasi nintzen kros eta maratoietan parte hartzen. Soldaduskan, Loiolako kuartelean nengoela, Behobia-Donostia egiteagatik bi eguneko baimena ematen zizutela enteratu, eta bi aldiz pentsatu gabe Behobia-Donostia korritu nuen. Hurrengo urtean Lasarte-Oria Bai Krosean parte hartu nuen, Behobian ere bai... eta hortik aurrera ez naiz gelditu. Hamalau urte daramazkit Behobian parte hartzen. Kasualitatez hasi banintz ere, gustatu egin zitzaidan eta horregatik jarraitzen dut. Pixkanaka hobetzen joan nintzen, eta azkeneko 5 urteetan serioago ibili naiz.

Lasarte-Orian, Behobian... Ze beste krosetan parte hartu duzu?
Idiazabalen, Ormaiztegin, Zumaian, Hernanin, Andoainen, Urnietan, Donostiako maratoian, Gasteizen, aurten Usurbilen... Hala ere, aurten gutxiago mugitu naiz, lesionatuta ibili naizelako, iskiotibiliala gaizki daukat, nahiko gogortua. Entrenatzen nuen forma ez galtzeko, baina ezin nuen topera entrenatu mina neukalako. Baina normalean 10 bat proba egiten ditut urtean. Gainera Euskal Herrian, hemen badaukagu asfalto nahikoa korrika egiteko, ez dago kanpora joateko beharrik.

Zer da Behobia-Donostia hain erakargarri egiten duena?
Ez dakit. Niri asko gustatzen zait, batez ere, publikoagatik. Jendeak askok animatzen du, gainera ibilbide osoan zehar. Hala ere, beste proba ugari daude oso politak direnak, eta publiko ederrarekin, adibidez, Lasarte-Oriakoa, Idiazabalgoa edo Ormaiztegikoa. Herri txiki hauetan kros bat ospatzen denean herriko festa bat izango balitz moduan erakartzen ditu herrikoak, azken hauek asko animatuz, eta herrian giro polita sortzen. Behobiak ospea izan dezake, jende ugari etortzen delako kanpotik, baina giroa beste hainbat herritan antzekoa aurkitu daiteke.
Kros ugaritan parte hartu duzu, baina zerk egiten du berezia Lasarte-Oriakoa?
Oso polita da zure herriko krosean parte hartzea, eta normalean, %100 baino gehiago ematen saiatzen naiz. Azken urteotan, urduri ere jarri naiz, jende guztiak zugatik onena espero du, eta agian ni ez nengoen nire momentu onenean... baina oso polita da herriko krosa. Gainera lehenengo aldiz irabazi nuenean, poza handia sentitu nuen.

David Martin luzerako?
Auskalo! Ez dut uste. Lesioak, lana, familia, gauza asko daude. Ni ez naiz honetaz bizi, beste lehentasun batzuk ditut, eta horrek baldintzatuko du nire korrikalari etorkizuna. Baina Lasarte-Oriako krosean ateratzen jarraituko dut, bultoa egiteko bada ere. Krosetan jarraituko dut osasuna errespetatzen gaituen bitartean.