Sichuan-etik Tibeterainoko bidea egitea zen lasarte-oriarren lehen asmoa, baina paperak lortzeko zailtasunak izan zituzten, Txinatar errepublikaren 60. urtemuga ospatzen zelako: “Berez Tibet ingurua nahiko kontrolatzen badute, urtemugaren kontuarekin gehiago. Mugatu egin dute, eta antolatutako bidai batean ez baldin bazoaz ez dizute sartzen uzten”. Beraz, Lhasara joaterik ez zegoenez, beste ibilbide alternatibo bat hartu zuten Sichuan eta Junaneko mendikatean. Ez da Tibet, baina kulturalki bai, Tibet Handia deiturikoaren barruan dago.
Zein inpresio ekarri duzue?
Jende oso ona, atsegina eta jatorra aurkitu dugu. Batzutan arraroa ere bazen, bizikletan iritsi eta jendea gainean geneukan; erraz gonbidatzen gintuzten euren etxera. Hori bai kulturalki alde handia dago.
Flipatu egin dugu euren harridura aurpegiekin. Herri guztia guri begira zen eta lasai asko hasten ziren gure gorputz guztia ukitzen ere. Ez dut hau beste inon ezagutu, “pegajoso” xamarrak dira, umeak, zaharrak,... denak.
Sumatzen al da Txina dela munduan biztanle gehien dituen herrialdea?
Shangain jende gehiegi bizi da, sinestezina. Egun batzuetan egoteko ondo dago, baina...
Zer moduz egunerokoa? Jateko, lo egiteko,...
Oso ondo. Arroza, pasta, berdura asko, txerria,... jan ditugu. Oso sano, erraz, espeziekin,... Niretzat (Asier) txarrena altuera izan da, bizikletan ibiltzeko ez zen arazoa, oso mantso gindoazen, baina bai lo egiterakoan, buruko mina izaten nuen.
Bidaiaren zati handi bat Tibeteko antiplanoanegin dugu, lau mila metrotik gora. Himalaiako mendi elurtuak ikusiko genituela uste genuen, Interneteko argazkietan ageri ziren urrutira, baina euri sasoian joan ginen eta ez ziren ikusten. Egunero 15:00ak aldera euri zaparrada geneukan eta ez zuen atertzen hurrengo goizera arte.
Aurretik bagenuen jatekoarengatik beldur piska bat, mendi horiek nahiko basatiak ikusten dira Google Earth-eko satelite-argazkietan, kilometrotan ezer ez dagoela, ez da herri handirik ikusten, baina, hara iritsi eta errepidean bertan topatzen genituen, kamioi, kotxe edo motoak jatekoarekin. Herrixka txikiak ziren, baina bazuten jateko edo lo egiteko lekua.
Eta zer moduz komunikatzeko, ingelesa ez dute askok jakingo?
Ez, batere ez dakite. Eskerrak Unai-ri. Hiru urte daramatza han eta berak eraman du logistika, Orbeako arduraduna da han, berak lortu zizkigun bizikletak, mandarina daki eta beharra genuenean berarengana jotzen genuen. Bestela zaila da, oso burokratak dira txinatarrak, adibidez bizikletak trenean sartzeko, hango lagun batekin joan zen Unai eta hala ere papeleo handia izan zen.
Bost aste izan zarete Txinan...
Mila kilometroko ibilbidea egin genuen mendi aldean eta gero turismo piskat aste eta erdiz bizikletarik gabe Txinako toki ezagun batzuetan, baina diaporama-emanaldian bizikletaz egindako bi aste horiei emango diegu garrantzia.
Asier Unairekin geratu zen han beste hilabete eta erdi. Bere enpresan egon zen bizikleten konponketa ikasten eta gero 10 egunetarako Thailandiara joan ziren.
Zein izan da tokirik politena?
Ikusgarriena, Litang izan zen eta ez zen izan polita zelako. Tibetarren hiri kaotiko eta basatia da. Ez zen turistarik. Eta politak Widing-eko ibai txinatarrak dira. Hau jada bizikletak utzi eta gero ikusi genuen. Oso inguru polita da.
Bizikletatik ikusitako paisajea ez zen agian ikusgarria, baina nomaden dendak edo zelaietan jackak ikusten ziren, behin arrano bat izan genuen gainean hainbat kilometroan, monasterio batean sartu ginen,... turismotik aparte dena polita iruditu zait.
Buda handiena ikusten egon ginen: harkaitzean egina dago, baina han ere ikusgarriena budaren buru gainera igo eta bere buruaz beste egin nahi zuen pertsona izan zen.
Nolakoak dira txinatarrak, esaten den bezain langileak?
Langileak dira baina askotan traketsak ere badira, baldar xamarrak.
Somatzen al da aurrerapena iristen dela, superpotentzia bihurtuko al da?
Iristen ari da, baina klase asko ikusi ditut nik, alde handiak batzuetatik besteetara, asko daukatenak daude eta ezer ez daukatenak ere bai. Potentziala badago. Modernizatzen ari da, baina jendea ez dago oso prest, nire ustez. Kulturalki ez dute txipa aldatzen.
Zein jarrera dute turistekin?
Jarrera oso ona dute. Txinako bertako turista asko dabil, bat karteltxoarekin eta denak atzetik segika. Beraientzat okzidentalak bitxo arraro batzuk izango gara eta argazki asko ateratzen zizkiguten.
Abentura izan al da?
Sei hegaldi hartu genituen, Madril-Helsinki-Shangai joan eta etorri, 12 bat ordu, eta bi barrukoak. Trenean ere 40 orduko bidaia egin genuen, Shangaitik Tibet aldera joateko eta beste 23koa Hong-Kong-era. Hau egun Txina da, baina handik itzultzeko bisatua eskatzen dute, eta arazo txiki bat izan genuen: Shangaitik berriro bueltan bidali gintuzten bi Hong-Kongera. Trenak 150 kilometro orduko hartzen zuen, modernoak dira. Txinatar asko zen eta turista gutxi.
Autobusez lau ordutako bidaia hartu eta 25 ordu egon ginen errepidean botata. Bideetako arrisku bat errepidetako lur-jauziak ziren, errepideak asfaltatuak izango direla ere uste genuen, baina ez. Joan aurretik izan ditugu beldur ugari, mastin zakur tibetar handiak zeudela ere esan ziguten, basatiak zirela eta pertsonei erasotzen ziela, baina ez dugu arazorik izan.
Bizikleten herrialdea da Txina?
Fama hori dauka, asko daude, bizikleta elektrikoak ere bai, baina, gaur egun ez dute kotxerik dirurik ez daukatelako, baina bestela segur aski kotxea izango lukete. Kristoren sakeleko telefonoak ere badituzte.