Aurten, 8 urtetan lehen aldiz [i]Multimusikala [/i]kolokan!

multimusikala-kultur-elkartea 2009ko azaroaren 20a

Aurtengoa, Multimusikalaren 8. edizioa izango litzatekeena, arriskuan egon liteke. Antolakuntzan buru belarri diharduten gazteek, soluzio eta irtenbide bila herritarrengana jo nahi dute laguntza eske.

Nola gogoratzen duzue Multimusikalaren sorrera?
Oraindik gure artean hitz egiten hasten garenean gogoratzen dugu I. Gau Multimusikala antolatu genuen hura Txorimalo Gazte Kolektiboaren lehen urtemuga izan behar zuen hura, herriak zuen aisialdi faltari eta musika eskaintza eskasari erantzungo zion festa eta aldarrikapen egun bihurtu genuen hartaz. Autogestioa oinarri, traba guztien gainetik, herriari musika eskaintza zabal, anitz eta xumea eskaini genion egun hura.

Eta nola aldatu da?
Urtetik urtera, herriari eskaintza zabalagoa eskaini nahian gure burua gehiago behartzen jardun gara, buruhausteak buruhauste, azkenean, gero eta musika eskaintza fresko eta zabalagoa eskainiz. Azken hau, herritarrek aditzera eman digutenaren arabera.
Lehengo urtean, Multimusikalaren muga guztiak hautsi genituen Okendon jarri genuen karparen bidez, musika oinarri duen jaialdia multi kulturalaren dimentsioa emanez. Bertan azoka, musika tailerra, babarrun jan herrikoia... antolatu genituelarik.

Aurten zortzigarren urtea izanik, zer dela eta ikusi duzue Multimusikala kolokan?
Hainbeste urte eta gero, hainbeste lan, hainbeste buruhauste, hainbeste komeri, hainbeste traba, hainbeste lorpen eta gero, jaialdia eraldatzen ari dela ikusi dugu, eta baita antolatzeko beharrak ere.

Eta orduan, non dago arazoa?
Egia esan zoriontzera herritar asko gerturatzen zaizkigu, jaialdi hau oso txukuna dela eta horrelakoak esanez, baina herritar hauek ez dute egun honen atzean dagoen lan guztia ikusten.
Gure akatsa ere izan da, ez dugu jakin herritarrengana laguntza eske joaten eta orain herritarrek Multimusikalari buruz duten oharpena eta hau gauzatzearen artean dagoen distantzia oso handia da.
Herritarrek uste dute dena erraz, arazorik gabe joan dela, eta nahiz eta jaialdia bera oso ondo atera den, lehengo urteko ikaragarria izan zen, atzetik dagoen gainontzeko guztiak beste kolore bat du. Urte guztia behar izan dugu gainean genuen zama ekonomikoa ordaindu ahal izateko.

Orduan herritarrek Multimusikalarekiko duten ikuspuntua okerra da?
Ez, ez da okerra, Multimusikalak herrian, nahiz herritik kanpo oihartzun eta onarpen handia du, ilusioa eta parrandarako gogoa helarazten du!
Lasartear gazte eta ez hain gazteontzat egun seinalatua izan da, eta izaten jarraitu behar du.
Baina herritik eta herriarentzat sortu zen jaialdi honek autogestionatua izaten jarraitzeko herritarren laguntza behar du.

Arrazoi nagusia Multimusikala autogestionatzeko dagoen diru premia izan daitekeela esan dezakegu?
Ba oraintxe bertan bai. 30 talde eta sortzaile inguru ekarri, haiei jaten eman, ordaindu, musika ekipoak alokatu, karpa alokatu, bazkari herrikoirako mahaiak eta aulkiak alokatu,... zerrenda oso luzea da, eta guzti honi aurre egiteko laguntza beharrezkoa da.

Gaizki ulertu ez badut, arazo ekonomikoak behin gainditurik, Multimusikala antolatzen jarraitzeko prest zaudete?
Dudarik gabe, noski baietz! Herriak laguntzen badu egingo dugu! Eta horretarako proposamen bat prestatu dugu.

Zein proposamen?
Lehenik eta behin, herriko taberna guztietan Multimetroak jarriko ditugu, hauek Multimusikalaren benetako egoera ekonomikoa zein den ikusten lagunduko duena.
Era berean, Kuadrila bonoak jarriko ditugu salgai. 50 eurotakoak izango dira eta herriko koadrila bakoitzak nahi izanez gero eskuragarri izango ditu.
Honetaz gain, 1.000 rifa aterako ditugu, herriko jatetxe batean bi pertsonarentzako afaria zozketatuz.
Eta azkenik, multibonoak ditugu. 20 eurotako bonoak izango dira hauek, eta nahi izanez gero 2101 0048 20 0125573386 kontu korrontean dirua sartuz, edota hurrengo egunetan jarriko ditugun mahaietan erosteko aukera izango da.

Multibonoak esan duzu?
Bai Multibonoak. Bakoitzak bat erosten badugu aurten herrian, karpa, pailazoak, elefanteak, tigreak... eta denetik izango ditugu!

Orduan aurten zer?
Ba aurten guztiok hausnarketa bat egin eta Multimusikalak 20 eurok baino mila aldiz gehiago balio duela, eta herri honek hori eta gehiago merezi duela konturatzen bagara, Multimusikalean ikusiko dugu elkar.