Jon Lasak jasoko du Ttakun Saria

jon-altuna 2009ko azaroaren 20a

Jon Lasa musika irakasleak jasoko du azaroaren 28an Txitxardin Beltxa jatetxean egingo den bazkideen afarian lehenengo Ttakun Saria. Lasak hainbat urtetan herrian euskal musika eta euskal kultura zabaltzeko egindako lana nabarmendu du Kultur Elkarteak sarituaren berri ematerakoan. "Herriari begira egin du lan, herriko ekitaldietara eraman ditu euskal musika eta herriko musikariak. Beraz herriaren zerbitzari izan da eta horregatik emango diogu Ttakun saria, hain zuzen, 32 urte ondoren ikastolako irakasle gisa erretiratu den urtean".

150 lagunentzat tokia izango da Txitxardin Beltxan Ttakun Saria banatzeko egingo den bazkideen eta adiskideen afarian. Kultur Elkarteak urtero banatuko du Saria, euskara edota euskal kulturaren alde herrian zerbait berezia egin dutenak omentzeko helburuarekin. Aurten esan bezala Jon Lasari ematea erabaki du Ttakuneko Zuzendaritzak, baina elkarteko ordezkari batek azaldu digunez hurrengo urtetan bazkideei omendua hautatzeko aukera eskainiko zaie eta hautagaia zein izan daitekeen esateko eskatuko zaie.
Ttakun Kultur elkarteko ordezkariak Jon Lasari ematearen arrazoi nagusiak laburbildu dizkigu: "Ttakunekiko eta oro har herriarekiko oso jarrera ona izan duen pertsona bat da, oso entregatua izan da beti herriaren zerbitzuan. Berak ikastolako irakasle izateaz aparte, beti egon da ikastolatik kanpo egin diren euskal kulturako ekitaldietan lanerako prest. Gabonetan, Santa Eskean, Maratoian, urtero sanpedrotan, edozein ekitaldi antolatu denean. Gainera omenaldia ikastolako lanetik bere erretiroarekin bat dator eta beraz hau zen momentua guk ere eskertza hori egiteko".
Lasarte-Orian omentzeko moduko hautagai asko dagoela uste du Ttakunek Kultur Elkarteak, "jende asko dago euskararen alde eta euskal kulturaren alde maila oso ezberdinetan gauzak egiten dituena, eta saritua izan daiteke, pertsona bat, erakunde bat edo bat baino gehiago. Aurten hala tokatu da, Jon Lasa izango da lehenengoa, baina ez du esan nahi beti horrela izango denik".

Ttakunkideak elkartu
Ttakun Sariak sortzean Ttakun Kultur Elkarteak daukan helburu nagusia, bazkideak elkartu eta hauekin bat egitea da, "urtean behin elkartzeko aitzakia" da. Zuzendaritzak urtean zehar egindakoaren berri emateko baliatuko du gainera afalostea, "modu arin eta informalean egingo bada ere, jendeak egindako lanaren ondorioak atera ahal izango ditu" eta bestalde, Ttakun beti entzuteko prest dagoenez, proposamenak egiteko aukera ere izango dute bazkideek.
"Bazkideak aktibatzeko modu bat da, kezkatzen dituen gauzak eta baita gustuko dituenak botatzeko tokia izan daiteke" adierazi dute Ttakuneko ordezkari eta Sarien antolatzaileek. Ttakunkideek elkarrekin afaltzeko aukera izango dute beraz, hilaren 28an 21:00tan hasita Txitxardin Beltxa jatetxean.

Afaria, showa eta dantza
Afaria berezia izango da, afalostean ekitaldi berezia burutuko da, show eta dantzaldia, eta menua ere berezia da: foie, porru eta ganbez betetako hojaldrea, txangurroz betetako krepa, zapoa edo azpizuna aukeran, tarta eta izozkia. Edaria, kafea eta kopa barne 30 euro balio du. 16 urte artekoen menuak (urdaiazpikoa, kroketak, solomoa patata frijitu eta piperrekin eta izozkia) 10 euro balio du.
150 lagunentzat denez txartela lehenbailehen hartzea hobe lekua ziurtatzeko. Ttakun elkartearen bulegoan daude txartelak salgai azaroaren 25era bitartean aurretik agortzen ez baldin badira behintzat. Afaria ez dago bazkideei mugatua, hau da, bazkide ez direnek ere aukera dute afarira joateko.
Afalostea ere berezia izango da, eta Euskararen Maratoiko afalostetan sortzen den antzeko giroa izango dela adierazi dute antolatzaileek. Show-ean beraz herriko "artistek" parte hartuko dute.