Atletismoko harrobia gaitasunez betea

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 20a

Landaberri ikastolako, zein Usurbilgo eta Urnietako ikasle batzuk Amaia Andres eta Oskar Goikoetxearen esanetara entrenatzen dute astero. Lehengo astean, txapelketa denboraldia hasi zen eta askorentzat bere lehengo proba izan zen. Amaia Andres entrenatzailearekin hitz egin dugu atletismo harrobiaren berri izateko.

Oso pozik agertu da Amaia Andres aurten sortu den taldearekin, “beste urtetan baina haur eta gaztetxo gehiago ditugu taldean, infantiletan 14, alebinetan13 eta benjamientan ere beste 13. Gainera, guztiek gaitasunak dituzte eta oso langileak dira,” azaldu du.
Maila bakoitzean prestakuntza ezberdina dela azaldu digu entrenatzaileak. “Benjaminek jokoen bidez ikasten dituzte kontzeptuak. Alebinek, berriz, bi denboraldi dituzte, krosa eta pista. Krosa ez dugu bereziki prestatzen eta pistan, berriz, proba guztietan trebatzen ditugu. Infantiletan, lehenengo urtea badute taldea egin eta probak ezagutu behar dituzte. Baina beste talde bat dago, esate baterako iaz Gipuzkoako txapeldunorde izan zirenak, espezializazioarekin hasiko direnak.”
Honetaz gain, taldea egitea garrantzitsua dela azpimarratu du entrenatzaileak, “gehienetan bakarrik lehiatu behar zara eta maila hauetan talde bezala lan egitea garrantzitsua eta polita da. Horregatik errelebu taldeak prestatuko ditugu lehiaketetan parte hartzeko.“

Lehenengo probak
Lehengo astean, denboraldiko lehengo probetan parte hartu zuten gaztetxoek. “Alebinentzat lehiaketaren nondik norakoak ezagutzeko balio izan zuen. Infantilen kasuan, maiatzerako egon behar dute prest, beraz, prestakuntza bezala erabiltzen ditugu proba hauek. Kros denboraldia ere hasi zen, Irungo krosarekin eta bertan Maria Eugik parte hartu zuen,” aipatu digu Amaiak.

Lehiaketa nagusiak
Amaiak arestian esan bezala, maiatza dute helburu, “alebinen Gipuzkoako txapelketa orduan da eta infantil mailako proba nagusiak orduan dira. Gainera, infantilak ongi badabiltza Gipuzkoako selekzioarekin Euskadiko jokoetan parte hartzeko aukera dute.”
Hala ere, urtero legez, urtarrilean Donostiako krosean ere parte hartzeko asmoa adierazi du entrenatzaileak.