Bertsolaritzaren ertzak biribiltzen

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 20a

Maialen Lujanbioren saio eta bertso sorta bikaina, Silveirak egindako potoak, Muñoaren gaizki ulertua, eta Txapelketa Nagusiko beste hainbat irudi eztabaidagai izan ziren asteartean Xirimiri elkartean burutu zen bertso-tertulian. Zizka-mizka batzuek janaz, [i]Hitzetik Hortzera[/i]ko lan taldeko kide batek prestatutako bideoak eman eta komentatu ziren. Bertsolaritzaren arlo edo ertz ezberdinei buruz asko ikasi zutela adierazi zuten berriketaldiaren ondoren bertan izan ziren batzuk. Lehen bertso tertulia izan zen asteartekoa, behin finalerdiak bukatuta abenduaren 1ean egingo da bigarrena eta finalaren ondoren hirugarrena.

Arratsaldeko 20:00etan hasi eta 23:00ra bitartean hiru orduz luzatu zen bertsolaritzari buruzko solasaldia eta Xirimiritik atera ondoren Jalgin jarraitu zuen. Nork irabaziko duen aurtengo Txapelketa Nagusia, Egaña zein aldarterekin iritsiko den, zenbat emakumezko sartuko diren finalean, bertsoa etortzetik ekartzera dagoen aldeaz, hasiberriek ustekabeak ematen segituko ote duten... hausnarketarako eta eztabaidarako gai eta galdera asko izan ziren bertsozaleen artean.
Solasaldia antolatzen aritu den Ttakun Bertso Eskolako Joxe Kruz Labakak edota txapelketan parte hartu duen Unai Muñoak iritzi sakon eta interesgarriak eman zituzten, azkenak bertsolariak ezagutzen dituenaren eta oholtza gainean egon denaren ikuspegitik. Beraren zenbait bertso-aldi ikusi ziren Xirimiriko Hitzetik Hortzera partikularrean, Arkaitz Estiballes-ekin Uztaritzen zortziko txikian egindakoa esaterako. Ondoren nabarmendu zuten sarri bertsolariek, elkarrizketa baino bakarrizketa egiten dutela, hau da ez diotela lagunak esandakoari erantzuten. Horrek puntuaketan eragin handiagoa izan beharko lukeen ala ez eztabaidatu zen. Honen beste adibide bat ikusi zen Xabier Paya eta Aitor Sarriegik Uztaritzen egindakoa. Payak puntuazio altuena eskuratu zuen baina ez zion lagunari bertso batean ere erantzun.
Uztaritzen Unai Muñoak erantzundako puntuak ikusi ziren ondoren, baita Amaia Agirre eta Asier Otamendik Bilbon zortziko handian egindako saioa edota Onintza Enbeitak eta Iñigo Eizagirrek bi musikariren paperean egindakoak. Tartean noski Xirimirin elkartu ziren bertsozaleen komentarioak. Txapelketan zehar izan diren une gogoangarrietako batzuk ere eskaini ziren, Xabier Silveirak Zarautzen kartzelako hiru bertsoetan egindako hiru potoak, Aitor Mendizule eta Beñat Gaztelumendik Bergaran seikoan egindako saioa eta Maialen Lujanbiok finalaurre berean kartzelako ariketan Mikel Laboaren abesti bat doinu gisa erabiliz egindako hiru bertso bikainak. Honekin amaitu ziren bideoak baina ez eztabaidak.
Berriketaldian izan ziren denek egin zuten ekarpenen bat, iritzi sinple edo hausnarketa sakona, epaimahaikoen lan zailaz, Maialen eta Egañaren dohain eta bertsokeretaz, bertsolariek gaurkotasunaz jabetu beharraz, bertsolariek zabaltzen duten mezuaz eta hori epaitzeko aukeretaz, saioetara joaten den gazte koadrila kopuruaz, elkartearen lanaz...
Eta besteak beste Txapelketa Nagusiak izan duen oihartzuna ere jorratu zen, 2005eko txapelketan eman zen saltoa, erdal guneari bertsoa zabalduz, finala BECera eramanez (Barakaldon izateak sinbolikoki duen garrantziaz...) TVE eta ETB2 programa bat edo txapelketaren jarraipena eginaz...
Solasaldia amaitu eta laster hasi ziren bertsozaleen arteko apustuak, desberdinak bihotz eta buruaren arabera, batzuk Egañaren alde, besteak Maialenen edo Ametsen alde. Abenduaren 13an Barakaldoko BECen erabakiko da goiz eta arratsaldez. Sarrerak, bertan bazkaltzeko eta autobusez joateko txartelak, www.txapelketanagusia.eu edota www.bertsosarrerak.eu web gunean eskuratu daitezke.