Danok Kide elkarteak Jaiotzen Lehiaketako oinarriak aurkeztu ditu

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 22a

Gabonak iristear daude. Pinua eta dekorazioa, turroia... eta nola ez jaiotzak ere. Urtero bezala, Danok Kide Guraso Elkarteak Jaiotzen Lehiaketako oinarriak argitara eman ditu. Urte asko dira jada lehiaketa hau antolatzen dutela, eta aurten ezin falta.
XVII. edizioa honetan parte hartu nahi duenak, jaiotza abenduaren 19an eta 20an, Guraso Elkarteak Blas de Lezo kalean duen egoitzan utzi behar du, arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak bitartean.

Lehiaketako oinarriak

Banaka nahiz taldeka hartu daiteke parte lehiaketan eta lan bakarra aurkeztu dezakete.
Egindako jaiotzaz aparte, gutunazal batean egileen izenak sartu behar dira eta azalean parte-hartzaile edota taldearen adina idatzi behar da. Hau, jaiotzarekin batera emango zaie antolatzaileei.
Jaiotzak, gehienez, 80x60 zmtako dimentsioak izan ahalko ditu eta ez da onartuko hondo sendorik ez duen jaiotzarik, ezta lehiaketa honetara aurreko urteetan aurkeztutakorik ere.
Jaiotzak kalifikatuko dituen taldeak, lehiaketako sariak banatu gabe utz ditzake, baldin lanak kalitatezkoak ez direla uste badu.

Mailak eta sariak

Lau maila bereiziko dira epaitzerako orduan eta, era berean, sari ezberdinak izango dituzte.
A mailean, 6 eta 9 urte bitarteko haurren irabazleak 60 euro eta trofeoa jasoko du eta bigarren sailkatuak, 40 euroko diru saria. B mailan, berriz, lehenengo sarituak 70 euro eta trofeoa izango du saritzat eta bigarrenak, 50 euro. C mailan, 14urtetik 17rako tarteako gazteen kasuan, 90 euro eta trofeoa izango ditu lehen sailkatuak, eta bigarrenak 60 euroko ordain saria.
Azkenik, D mailan, 18 urtetik gorako taldean 120 euro eta trofeoarekin egingo da lehen sailkatua, eta bigarren saritua 90 euro eskuratuko ditu.
Sari potolorik ez lortu arren, kontsolazio saria dago onartutako lan guztien egileentzako. Elkarteak, 15 euro emango du aurkezten den jaiotza bakoitzeko.