“Gustatzen ez bazaizu ere, zuria, turista eta diru-kaxa ibiltaria zara Afrikan”

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 23a

Etiopia eta Kenian ibili ziren abuztuan lau aste inguru Diego Egizabal eta Mari Karmen Ormazabal beste euskaldun batzuekin batera. Datorren asteazkenean 21:30ean bertan jasotako irudiak ikusiz bidaia kontatuko dute Jalgin.

Zein inpresio ekarri duzue Kenia eta Etiopian zehar egindako bidaiatik...
Afrika bertatik hobeto ezagutzen da, eta gure begi mendebaldar hauek ez digu uzten afrikarren kosmogonia ikusten. Bizitzaz eta munduaz duten errepresentazioa asko aldentzen baita guk dugunetik; eta horrek jakin-mina, piztu dit.

Zer dauka erakargarri Afrikak?
Alde batetik bere ondare naturala. Zoragarria da. Handia. Gure kaleetan txolarreak eta uxoak ibiltzen diren bezala; Nairobi nahiz Addis-Ababako faroletan marabuak dabiltza. Lehenengo aldiz ikusi nituenean, argiteria konpontzen ari ziren bi langile zirela pentsatu nuen. Bestetik, ondare kulturala dugu. Ikuspegi antropologiko batetik, neolitikotik iraun duten erritoak eta bizimoduak gorde dituzten gizataldeak daude; nola edo hala saiatzen direnak irauten.

Nola begiratzen diote gizon-emakume zuriari?
Munduari buruz duten ezagutzak ematen dien betaurrekoetatik; guk beraiek bezala. Baina zeinen desberdinak diren haien eta gure betaurrekoak. Alde batetik diru-iturri gara. Bestetik, telebistaren bidez baino irudika ez dezaketen bizimodu baten enbaxadore.

Taldean egin al duzue bidaia?
Bai, guztira sei lagun bildu gara. Denok ez genuen elkar ezagutzen, hala ere, argi genuen gure ibilbidea ez zela nazioarteko turismoaren ohiko zirkuitua, eta topatuko genituen azpiegiturak ere hala moduzkoak izango zirela. Nik uste uneoro denok argi genuela bat eginda baino ez genuela lortuko suerta zitezkeen gorabeherei aurre egitea. Gorabeherak azkar asko hasi ziren, eta zorionez berehala lortu genuen taldea osatzea, adostasunak eraikitzea, eta tarteka-marteka bakoitzak behar zituen espazioak ematea ere. Bidaiatzeko talde zoragarria osatzea lortu genuen, bai horixe!

Zer moduz toki batetik bestera joateko? Autobusik trenik hartu al duzue?
Bidaia agentzia baten bidez bi jeep alokatu genituen gidari eta guzti. Bat Etiopian barrena ibiltzeko, eta bestea Kenyan barrena. Hiri batzuetan taxi moduko txirringatan ibili ginen. Hango garraio publikoak, zalantzarik gabe, badu bere xarma; presaka ez bazabiltza, noski.

Zenbat denbora eta non ibili zarete?
Gure taldeak Addis Ababan egin zuen bat. Aurretik Donostiako lagunek hiru aste eman zituzten Etiopiako iparraldeko hainbat menditan. Lasartearrok, aurreko astean Etiopiako ekialdean aritu ginen. Behin taldea Addis-Ababan batu zenean, Nairobirako bidea hartu genuen. Omorateko muga-postutik pasa ginen, Turkana Lakutik gertu. Guztira, 25 egun eman genituen.

Zer moduz egunerokoa, otorduak, lo, dutxa,... eta eurekin komunikazioa?
Aldea handia zegoen Etiopia eta Kenyaren artean, baina aitortu egin behar dut, ibilbidea ondo antolatuta genuelako, ez zaigula falta izan non lo egin, zer ahora eraman edota non dutxatu. Azpiegiturak, dena den, oso eskasak ziren. Logeletan ateak ez zuten kisketarik; xomorro beltzen bat ere tarteka ikus zenezakeen; dutxa ostean azalean geruza fin eta gorrixka moduko bat antzeman zenezakeen; bertako einjera (hemengo taloaren parekoa, baina biguna eta ozpindua); ortodoxoen eta musulmanen kantu hotsak goizean goizetik; eta abar... Honek guztiak gure egunorokoa xarmanta eta exotikoa egin dute. Eskerrak kafeari, ale osoak zartagian erre, txikitu, uretan jarri, eta sekulako kafea ematen ziguten.

Goserik sumatu al duzue?
Gu ibili garen lekuetan behintzat ez, pobrezia ikusi dugu, baina miseriarik ez. Errepide nagusienetatik zenbat eta gehiago urrundu, egoerak nabarmen egiten du okerrera. Gainera, eskualdetik eskualdera aldeak nabarmenak omen dira. Etiopian, esaterako, etnien arteko liskarrek eta botere harremanek baldintzatzen dute estatu mailako politika.

Nolatan egin zenuten Afrikako bi toki hauetara joateko plana?
Gure bidaia makinatu zuen laguna Marga Iturriza izan zen, esploratzaile eta bidaide bikaina izan dena.

Nolakoak dira bertakoak?
Besteak beste, autonomoak, bere burua aski dutenak, eleanitzak -asko dira eskualdeko bizpahiru hizkuntza ezagutzen dituztenak-, oso-oso sinistunak, dantzazaleak, genero rolak zorrotz bereizten dituzte, eta europarraz barre egiten dute baina aldi berean miresten dute.

Konta iezadazue zerbait merezi duena, esanguratsua, barregarria, interesgarria...
Bidaiaren une lazgarri batean Margak esan zidana: "zuria, turista, eta diru-kaxa ibiltaria izan nahi ez baduzu… zer arraio izan nahi duzu Afrikan?" Esaldi txepel horrek lagundu zidan bertakoen inguruko errepresentazioa aldatzen. Gozatzen hasi nintzen, eta inguruan gertatzen zena ulertzen hasi bertakoentzat gu-ni zer ginen-nintzen konturatzean.

Nongoa duzue oroitzapenik goxoena?
Asko izan badira ere, bat nabarmentzekotan, Lago Turkanaren erdi-erdian dagoen sumendiaren kraterretara eginiko txangoa. Leku horretan hunkitu nintzen, lekuak txiki sentiarazi ninduen, baina aldi berean bete-betea.

Berriro joango al zinatekete?
Bai, noski. Hurrengo bidaia Tanzaniara izango da.

Zein jarrera dute Kenia eta etiopiarrek turistekin?
Gure sistema ekonomikoak sortzen duen bidegabekeria alderantziz pairatuko bagenu, guk beraiekin izango genukeen berdina. Zuria, turista eta diru-kaxa ibiltaria!, "Txikuela" xox batzuk aterako dizkiot. Bide batez esan behar dut, jatorrak, berritsuak, jakin-min handikoak, eta beti laguntzeko prest ere agertu zaizkigula, salbuespenak salbuespen, ziurrenik diru eta ondasun iturri garelako. Eta txikuela…

Hau eta beste gauza asko asteazkenean hilaren 25an 21:30ean Jalgin, ezta?
Addis-Ababatik Nairobirainoko bidea azalduko dugu. Ez da kanpoko turistek darabiltena, ez ohiko ibilbidea hautatu genuen, barruko turismoak darabilen zirkuitua. Horregatik gurean ez da egon hotel izardunik, ezta menua ingelesez agertzen zuen jatetxerik. Argazki zoragarriak egongo dira, baina kontaketa laguntzeko erabiliko ditugu. Ahozkoan oinarrituko dugu diaporama. Anekdota ugarien bidez, Afrika Ekialdeko herri horien berri ematea da gure helburua. Hala bedi!