"Atez ateko bilketaren bitartez, alde batera utziko dugu errausketa"

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 23a

Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak manifestaldia egingo egingo du Donostian arazoaren 28an, 17:00tan, Parte-hartzea errespetatu. Errausketarik ez lelopean. Hau dela eta, [i]Lasarte-Oria Bizirik![/i] Taldekidea den Javi Melchorrekin solasaldia izan dugu.

Lasarte-Orian atez ateko zabor bilketarik ez da egingo. Zer deritzozue?
Taldeak aurkeztutako mozioa, udal batzarrak gehiengo osoz onartutakoa, bertan behera geratu da.
Lotsagarria da PSOEk hartu duten norantza. Duela urte eta erdi, Udalak atez atekoa martxan jartzeko konpromezua hartu zuen eta Udalbatzak onartutakoari muzin egin diote.
Ez dakigu zertarako balio duten udalbatzak erabakitzen duenak.

Baina, azken urte honetan udalak urratsak eman ditu...
Herritarren artean inkesta bat egin da hondakinen gainean gure ezagutza zein den jakiteko eta gure ohiturak ezagutzeko. Inkestan jaso diren emaitzak oso baikorrak eta interesgarriak dira: gehiengoa errausketaren aurka agertu da eta era berean gehiengoak zaborra atez atekoaren bitartez biltzeko prest dagoela esan du.
Baina, dirudienez alkateak beste irakurketa bat egin du: antza, herritarrak nahastuta daude eta ez dute inkesta ondo ulertu. Herritarrok memeloak ote gara?
Agian, lau urtetik behin bozkatzera goazenean ere nahastuta joaten gara eta agian berak jasotzen dituen bozka guztiak ez dira guztiz fidatzekoak, nork daki, akaso, herritarrek ez dute ulertzen bozka sistema eta nahastu egiten dira hau ematerakoan.
Gure ustez, emaitzak hor daude eta herriaren iritzia islatzen dute.

Inguruko herrietan atez ateko bilketarekin hasiko dira, zer dakizue horri buruz?
Hernani, Urnieta eta Oiartzunen atez atekoa ezartzeko pausoak ematen ari dira eta ziur gaude emaitzek arrazoia emango digutela.
Beste lekuetan 5. edukiontziaren alde egiten dute eta jada auzitan dago, bere emaitza kaxkarrak ikusita. Izan ere, 5. edukiontziarekin %35a soilik birziklatzen da, atez atekoaren %80aren aurrean.
Kontutan izan behar dugu, gaika biltzen ez den guztia erre egingo dela errauskailuan. Beraz, atez atekoaren kontra egiten duenak errauskailua eraikitzea babesten du.

Eusko Legebiltzarretik ere ez dituzue berri onik jaso, ezta?
Hilabeteetan, kostata, jaso ditugun 35.000 sinadurak ez dituzte kontutan hartu.
Errausketa saihesten duen eta atez ateko zabor bilketaren alde egiten duen hondakinen lege berri bati buruz legebiltzarrean hitz egin zezaten burutu genuen ekimen hau.
Baina, beste behin gaia eztabaidatzeari uko egin diote EAJ, PSOE eta PPk eta modu honetan 35.000 herritarren iritzia arbuiatu dute. Berriro ere, instituzioek eta gure politikariek herri ekimenei eta herritarren nahiari bizkarra eman diote.
Herri ekimenak eta herritarren parte-hartzeak mespretxatzen dituztenei, agian, boto eske datozenean botoa uko egin beharko genieke. Behintzat, hori merezi dute!

Larunbatean manifestaldian parte hartzeko deialdia luzatu duzue, ezta?
Bai. Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak larunbatean, arazoaren 28an, 17:00etan egingo duen manifestaldira deitzen ditu herritarrak.
Urte batzuk dira erraustegiaren dantza hasi zenetik eta geroztik herritar askok errautegiaren kontrako iritzia azaldu dugu manifestaldietan eta beste hainbat lekuetan.
Garbi utzi nahi dugu ezer ere ez dagoela erabakita eta erraustegiaren aurka borrokatzeko garaia dela. Herritarrok ezin dugu etsi, are gutxiago orain instituzioek bizkarra eman digutenen honetan.
Hau guztiarengatik, herritarrei kalera atera daitezen eskatzen diegu, gure ahotsa eta iritzia ozen entzun dezaten.