Euskara ikasleak sukaldari fin

Txintxarri 2009ko azaroaren 23a

Euskara ikasleak sukaldari bihurtu ziren ostegunean Udal Euskaltegian. Goiz eta arratsaldez pintxo lehiaketa burutu zen, talde bakoitzak bina pintxo hotz prestatu zituzten eta bi irabazle izan ziren, Mus Sorpresatxoa goizean eta Udazkeneko pizza arratsaldean. Talde guztiak ahalegindu ziren eta maila handiko mokaduak dastatu zituzten Ttakun Elkarteko epai mahaikoek. Zapore ona eta aurkezpen dotorea zuten guztiek eta kosta zitzaien irabazlea aukeratzen. Pintxoak prestatu ondoren, taldeko batek besteen aurrean azaldu zuen osagaien zerrenda eta prestatzeko modua.

Urtero legez, Udal Euskaltegiak Pintxo Lehiaketa antolatu zuen pasa den ostegunean eta ikasleek irudimenari eragin eta sukaldaritzan duten trebezia erakutsi behar izan zituzten ahalik eta pintxo original eta goxoena prestatzeko. Guztira 20 pintxo egin zituzten, 10 goizeko taldeek eta beste hamar arratsaldekoek, baina ikasleak direnez, pintxoen izenburuak, osagaiak eta egiteko modua landu zituzten eta besteen aurrean azaldu. Beste era batera ondo pasatuz euskaraz ikasi daitekeela argi daukate euskaltegiko arduradunek eta urte amaieran antolatzen duten ekintza honek harrera oso ona du beti ikasleen aldetik. Euskararen munduan ere ezin falta gastronomia.
Ederki ahalegindu ziren goiz eta arratsaldez euskara ikasleak eta aurkeztu zituzten pintxo hotz guztiak izan ziren oso landuak. Ttakun kultur elkarteko epai mahaikoei kosta zitzaien bat aukeratzen. Goizean Aritz Zerain eta Asier Gorostegik aukeratu zuten euren iritziz onena zena eta arratsaldean Esti Garmendia eta Jon Altunak.
Lauek goraipatu zuten aurkeztutako pintxo guztien kalitatea. Itxura eta izen bereziak zituzten orotara aurkeztu ziren 20 pintxo koloretsuek, besteak beste, goizekoek Piper Ona, Mediterraneoko Pasteltxoa, Udazkena, Antxoa Txalupan, Pintxo Mundiala, Koktela, Triku Berdea, Txalupa, Mus Sorpresatxoa eta Pintxo Ederra edota arratsaldeko Udazkeneko Pizza, Alakrana, Senegalgo Patera, Andaluziako Piperra, Hartuzakiñaki.com, Kutixia eta Endibia Betea. Izen bitxiak eta denetariko osagai, itxura zein koloreak.
Zalantzarik gabe, euskaltegiko ikasleek sukaldari trebeak direla argi utzi zuten.
Hamar pintxo, hamar plazer txiki aurkeztu ziren goizean eta beste hamar arratsaldean eta guztien artean, Mus Sorpresatxoa eta Udazkeneko Pizza izan ziren irabazleak. Behin epai mahaikoek deliberatu, erabakiaren berri eman eta irabazleek saria jaso ondoren taldeek egindako pintxoak dastatzeko aukera izan zuten Udal Euskaltegiko ikasleek.
Irabazleek bonboi kaxa ederra eta diploma bat jaso zituzten sari. Sari egokiak, pintxoak dastatu ondoren, zer hobe postre moduan txokolatea baino ?