[i]Multimusikal[/i] zabala abenduak 19 eta 20an

Txintxarri Aldizkaria 2009ko azaroaren 23a

Abenduaren 19 eta 20an burutuko da [i]VIII Multimusikala[/i] Andatza plazan jarriko den gunean eta herriko zortzi tabernatan. Musika eskaintza zabala izango da, guztira Euskal Herriko hainbat tokitatik eta kanpotik etorritako 20 talde inguruk hartuko du parte. Ostiral gauean aurkeztu zuten antolatzaileek jaialdi erraldoia Jalgin, bertsoak, musika eta hitza elkartu zituen ekitaldi ikusgarri batekin. Berrikuntzak baditu aurten [i]Multimusikalak[/i], Okendon ezin egin eta [i]Kaleko gunea[/i] Andatzan jarriko da aurten, eta bertan kultur azoka bat irekiko da larunbat eta igandean. Larunbateko ekitaldiak goizean hasi eta hurrengo goizera arte luzatuko dira. Eta igandea ere berezia izango da, bertso bazkari, DVD emanaldi eta kontzertu lasaiarekin.

Jalgi bete egin zen ostiralean VIII. multimusikalaren aurkezpenean. Denetarik izan zen, bertso, musika akustiko, bideo emanaldi, eta azkenik Arramazka herriko taldearen kontzertu eta Petti bakarlariaren kantaldiarekin amaitu zen goizaldera. Aurkezpenean gogoratu zutenez, duela hamar urte hasi ziren herriko gazte batzuk Txorimalo Gazte Kolektiboa sortu eta herriko gabeziei erantzuteko ekintza ezberdinak eginez. Ondoren etorri zen I multimusikala 2002ko inozente egunean abenduaren 28an. Aintzane Usandizaga eta Tasio Arrizabalaga aurkezleen galderei erantzunez Harkaitz Izagirrek eman zuen Txorimaloren sorreraren berri eta bideo batean laburbildu zen ondoren Multimusikalaren historia. Ikusleen txaloen artean, urte hauetan parte hartu duten taberna eta musika taldeei omen egin zitzaien.
Iaz emandako pausua nabarmendu zuten ondoren: aste buru osora zabaldu zen jaialdia, gune bat jarri Okendon (aurten Andatzan), kantua sortu eta KDa atera. Aurten bide berdinetik jarraituko dutela aipatu zuten. Jaialdi herrikoia antolatzeko, borondatez lan egiten duten gazte ugari da herrian baina horrelako jaialdia antolatzeko diru iturrien beharra azpimarratu zuten antolatzaileek eta autogestioa gauzatzeko bonoak jarri dituzte salgai, banaka edo koadrilan eskuratu daitezkeenak. Bestalde eltzetxoak jarriko dituzte tabernetan, herriko jatetxe bateko otorduaren zozketa egingo dute (euro batean salgai daude txartelak), KDak jarriko dituzte salgai, eta taberna batzutan termometro ekonomikoa jarriko dute uneoro beharrei erantzuna nola doan jakiteko.
Ondoren sortu berri den Kaleko Musika Eskolako Amaia Amianok ekimen honen berri eman zuen, 11-12 lagun biltzen dira elkarri besteak beste gitarra, tronpeta edo tinbalak jotzen erakusteko. Multimusikalean parte hartuko dute eta Eskolako kide batzuek 2008ko kanta jo zuten.
Beñat Esnaola eta Aitzol Lasak eman zuten ondoren aurtengo egitarauaren berri. Larunbat gaua luzea izango dela, igandea lasaiagoa eta astelehenean Santo Tomas dela gogoratu zuten. Zortzi tabernatan izango dira kontzertuak, Ilargi, Udaberri, Jalgi, Sustrai, Obelix, Timon, Abend eta Xirimirin.

Kontzertuak
Hainbat taldek parte hartuko dute VIII. Multimusikalean: tabernetan, Cant Explain eta Aldexo, Jalgin; Valium eta Xuorum, Sustrain; Norte Apache eta 121 Crew, Udaberrin; Erru gabe, Skatu eta Txurrustada, Xirimirin; Namek Planet eta Oreindik, Abend-en; karaokea Timonen eta gauean DJak izango dira Grassman Jalgin, Selektah Stepi Ilargin eta Aritz Sound System Obelixen.
Andatzako gunean, larunbatean 19:00tan The Skartats, valentziarrek joko dute eta 22:00tik aurrera Skasti, Zezenaren taldea, Beste Bat eta Drum & Bass festa goizaldera arte.
Aldarrikapenak ere tokia izango du multimusikalean eta larunbat eguerdian manifestazioa egingo da musika denona dela aldarrikatuz.
Andatza plazan Kultur azoka jarriko da bi egunetan, besteak beste Senegal, Peru, Sahara edo Valentziako produktuak salgai izango dira.
Valentziatik musika taldeak eta hainbat lagun etorriko dira, 300 kilo laranja ekarri eta 200 lagunentzako paella egiteko asmoa dute.
Beste hainbat gauza ere izango dira, malabareak, Txavi Idarreta aktore valentziarraren emanaldia, poteo musikatua, bazkari herrikoia, larunbatean eta igandean aldiz, sagardo, ardo eta pintxo dastaketa, bertso bazkari berezia, Amaia Agirre, Unai Muñoa, Miren Artetxe, Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendirekin, Berri Txarrak musika taldearen filme bat ere emango da arratsaldean.
Igandea musika aldetik lasaiagoa izango da, eguerdian Txalagore, eta arratsaldean Makulu Ken eta Etxeko taldea izenekoak izango dira. www.blogari.net/mltimusikala webean jarri dute antolatzaileek informazio gehiago.