Ruben Villalonek bere bigarren urtea du entrenatzaile lanetan, “iaz entrenatzaile berria nintzenez, haurrak nire lan egiteko erara moldatu behar ziren eta taldeari dinamika hartzea kosta zitzaion,” aipatu digu.
Aurten ordea, urritik dago haur, gazte eta helduekin lanean, “guztira 65 bat igerilari ditugu. Andoainekoak 15 daude eta gainontzekoak herrikoak dira.”
Eta talde sendoa lortu duela esan digu, “aurten talde bezala hobeto gaude lanean. Igeriketan, gainera, taldea egitea oso garrantzitsua da. Igeriketa egiterakoan bakarrik zaude eta igerilekutik atera eta lagun taldea ez baduzu, ez zaude eroso.”
Andoaingo taldeak entrenatzailerik ez izateak ere taldea garatu eta harremanak sendotzea ekarri du. “Entrenatzaile bila genbiltzala haurrak Lasartera etorri dira. Egoera hau ona izan da, taldea egin eta haurrak elkar ezagutzeko,” onartu du.
Eta, honetaz gain, “denboraldi hasieran, helduen mailan Hernaniko taldearekin bat egin dugu,” jakin arazi digu.
Igeri egiten hasi
Lan eta lan dabil haur eta gaztetxoekin eta “guretzat garrantzitsua da txikitatik ikasten hastea, lehenago ezagutzen dituzte teknika eta kontzeptuak,” adierazi du.
“Lasarte-Orian aurrebenjamin mailan hasi daitezke 7 urterekin, Andoainen ez. Han benjamin mailan 8 urterekin hasten dira. Gainera, hemen anai zaharrak baldin badituzte taldean 6 urterekin ere hasi zaitezkete,” azaldu digu.
Eta “hau da gure apustua. Izan ere, beste kiroletan beranduago hasten dira. Badakizu beti dago futbolarekin borroka egin beharra. Igeriketa ez da futbola bezala guztiek proba egin nahi dutela. Proba egin eta gustuko badute guretzako hobe,” gaineratu du.
Hala ere, “igeriketa 30 urterekin ere egin daiteke. Gutxitan gertatzen da, baina posible da,” adierazi du.
Entrenamenduak
Era honetara, txikiek bi egun entrenatzen dituzte , gaztetxoek hiru eta helduek, berriz, bost egun egiten dituzte. Eta gainera, “guk beste elkarte garrantzitsuek baino gutxiago entrenatzen dugu. Haiek 6 egunetan entrenatzen dute larunbata goizetan ere,” jakin arazi digu.
Baina entrenamenduaren helburua ez dira lehiaketak Rubenentzat. “7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoen kasuan, igeri egiten ikastea da garrantzitsuena eta ongi pasatzea. Lehiaketak ez dira garrantzitsuena,” adierazi digu.
“Eta 12 urtetik aurrera, bi aukera dituzte. Bata lehiaketetan parte hartu, lehiatu eta marka egin edo nahi dituzun lehiaketetan parte hartu inongo presiorik gabe,” azpimarratu du.
Beraz, helburua adierazi digunez, “ongi pasatzea da noski. Baina, era berean, haur eta gazteek lan egin eta horren araberako emaitzak lortzea ere bada. Bakoitzak bere helburuak egitea.”
Lehen lehiaketak
Hala ere, lehengo astean hasi ziren helduak lehiatzen. “Denboraldi hasiera da eta ez ditugu emaitzak espero. Lehiaketak igerilariak nola dauden ikusten laguntzen digu eta entrenamenduak zorroztu behar diren edo ongi goazen. Lehiaketa garrantzitsuetara arte, hauek proba besterik ez dira,” esan digu Ruben Lasarte-Oriako igerilarien ordezkariak.
Txikien erronka
Txikiei dagokionez, hurrengo asteburuan dute lehenengo proba. “Tranpolinean bakarrik, salto eta itzulipurdia nola egin ikasten joango dira pixkanaka. Lehenengo lehiaketa izanik, haiek ongi pasatzea da garrantzitsuena,” onartu digu.
Txikiekin erronka handirik ez dagoela aipatu digu. Helduekin, ordea, “gure taldearentzat Gipuzkoako txapelketa da garrantzitsua igerilari gehien eramaten dugun lehiaketa delako,” onartu digu eta “elkarteko gutxi batzuk doaz Euskadikora lehiatzera eta Espainiako txapelketarako txartela zail da lortzea,” jarraitu du.
Hala ere, “iaz hamalau segundo-ehunenetara geratu zen gure igerilarietako bat. Ea aurten zer gertatzen den. Aukerak ditu 50 edo 100 crawl proban, ikusiko dugu,” adierazi du Buruntzaldeko entrenatzaileak.