Iban Mayozek bizikleta zintzilikatzean zuen burua. Xacobeo taldean egindako azken denboraldia, txirrindulari profesional gisa azkenekoa izango zela uste zuen. Izan ere, lasterketatik kanpo utzi zuten hainbat erorketa eta lesio izan zituen 2009ko denboraldian eta, beraz, ezin izan zuen bere maila erakutsi.
Baina orain dela 15 egun bere ordezkariak egindako dei batek etorkizuna aldatu zion, Footon-Servetto txirrindularitza taldeak kontuan zuen 2010 denboraldirako.
Era honetara, lehengo astean, kontratu sinatzearekin batera, urte betez luzatu zuen bere jarduna. “Orain dela 15 egun ez nekien jarraituko nuen ala ez. Eta orain, nire proiektuak erabat aldatu dira,” aipatzen du Mayozek.
“Footon-Servetto munduko talde onenetarikoa da txirrindularitza munduan” dio txirrindulariak eta taldeak eta bere zuzendariak Josean Fernandez Matxainek bera kontuan hartu izanak izugarri poztu zuen.
“Egun txirrindularientzat ez da batere erraza profesional mailan mantentzea, gauzak zail daude. Urte bete gehiagoz nire zaletasuna profesioa izaten jarraitze horrek ilusioz betetzen nau,” onartu du txirrindulari lasarteoriatarrak.
Tourrean parte hartu
Pro-Tour taldea dugu Footon-Servetto eta horregatik, lasterketa garrantzitsuetan parte hartzeko aukera izango du Iban Mayozek.
“Aukera paregabea da zure taldearekin, esate baterako, Frantziako Tourrean parte hartu ahal izatea,” adierazi du. Izan ere, herriko txirrindulariak ez du inoiz lasterketa honetan parte hartu.
Eta horretarako gogor borrokatu beharko duela oso argi du Mayozek. “Tourrean egoteko merituak egiten saiatuko naiz. Horretarako gogor lan egingo dut,” dio Iban Mayozek.
Denboraldia prestatzen
Era honetara, gaur bertan hasiko da Iban Mayoz lanean. Josean Fernandez Matxainen zuzendaritzapean, aurtengo Footon-Servetto ekipoa izango dena zehaztu eta finkatzeko asmoa baitute Kantabria aldean.