Bazkariak, afariak... herrian ez gara gelditzen. Oraingoan, herriko AEK-Muntteri euskaltegiak pintxo lehiaketa antolatu du. Atzo goizean, bertako ikasleak sukaldaritzan trebeak direla, argi eta garbi, erakutsi zuten. Euskara ikasteaz batera, sukaldean duten gaitasuna erakutsi zuten: sukaldari paregabeak direla, gai ezberdinak nahasteko eta uztartzeko abilezia dutela eta irudimenik ez zaiela falta.
Buruari asko eragin eta gero, atzo goizean lehiaketan aurkeztutako pintxo guztiek 10a merezi izan zuten. Originaltasuna eta aurkezpena bikainak izan ziren. 9 pintxo, 9 gozamen txiki.
Lehiaketan zapore, aurkezpen eta izen originalaren sariak banatu ziren eta erabaki zaila izan zuen epai-mahaiak. Hiru esparru desberdin, baina bere garrantzia dutenak, eta horregatik saritu zituzten.
Saguaren labirintua, Hegaluzeak bahituta, Ortzi, Zesta Punta, Eguzki-erlojuaren zaporea, Dir-Dir egiten duten begiak, Dana, Ona eta Lasarteko Txikito izan ziren aurtengo edizioan aurkeztutako pintxoak. Hiru talde ziren, bakoitzak hiru pintxo egin zituen, eta azkenean, talde bakoitzak sari bana jaso zuen.