Bigarren bertso tertulia asteartean Arrieskalletan

Txintxarri 2009ko azaroaren 27a

Asteburu honetan jakingo da zein bertsolari izango diren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, datorren hilaren 13an Barakaldoko BECen.
Behin finalerdiak bukatuta hauen nondik norakoak aztertuko dituzte herriko bertsozaleek, datorren asteartean abenduaren 1ean 20:00etan Arrieskalleta elkartean egingo den bigarren bertso-solasaldian.
Ttakun Kultur Elkarteko bertso eskolak antolatzen duen tertulia honetan, finalerdietako saio interesgarrienetako irudiak emango dira ostean une horiek aztertzeko. Bertara joan nahi dutenek Ttakun Kultur Elkartera deitu beharko dute izena emateko.
Hurrengoa, finalaren ondoren izango da, abenduaren 15ean Xirimiri elkartean, final nagusiko gorabeherak komentatzeko.
Bestalde, astelehenetik aurrera porra egin daiteke herriko Jalgi eta Ilargi tabernetan. Txapelduna zein izango den eta finalean izango diren zortzi bertsolariek zein postutan bukatzen duten asmatu beharko da.
Era berean, finaleko sarrerak erosteko azken aukera igandean izango da Donostiako Belodromoan jokatuko den azken finalerdian.