Berrikuntzak [i]Euskarazko produktuen katalogoa[/i]n

Txintxarri 2009ko aza. 27a, 01:00

Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek Euskarazko produktuen katalogoa aurkeztu zuten astelehenean Manuel Lekuona Kultur etxean. Lasarte-Oriako Rikardo Ortega eta Andoaingo Petri Romero Euskara Batzordeko lehendakariak eta Hernaniko Malores Etxeberria euskara teknikariak izan ziren bertan eta berrikuntza ugari azaldu zituzten, katalogo honen bertsio digitalean, batez ere.

Buruntzaldeko Udalek egun 20 programatik gora dituzte komunean, helburua, herritarren euskararen erabilera gure eremuan bultzatzea. Horregatik, astelehenean, urtero legez, elkarlanean egiten duten ekimenetako bat aurkeztu zuten, haur eta gaztetxoentzako Euskarazko produktuen katalogoa.
Petri Romerok, Andoaingo Euskara Batzordeko buruak adierazi zuenez, “euskara kalean nahi dugu bizirik, haur eta gaztetxoek jolas egiten dutenean euskara erabili dezatela nahi dugu.”
Matematikak ikasteko bakarrik ez, txisteak kontatzeko, pelikulak ikusteko, jolasean aritzeko, literaturaz gozatzeko eta ligatzeko ere euskara erabili dezatela nahi dute Euskara Zerbitzuek eta hori produktu hauen bidez egin dezaketela azpimarratu zuen Romerok.
“Izan ere, katalogoaren helburuak, batetik gurasoek euskal heziketa aurrera eramateko aukera dagoela jakitea da, bestetik guraso eta haurrek aisialdizko euskara produktuak ezagutzea eta, azkenik, produktu horiek merkatuan bultzatzea dira,” aipatu zuen.

Katalogoa
Ostean, Malores Etxeberria Hernaniko teknikariak gogoratu zuen bezala, “12 urte dira katalogoa argitaratzen direnak eta honetan, 200 bat entitate daude lanean.”
Euskarazko produktuen katalogoan 16 urte arteko produktuak aurkitu daitezke, aisialdiarekin lotuak eta “euskara ikasteko eta euskaraz ongi pasatzeko tresna aproposa dira.”
Maloresek azaldu zuenaren arabera, 240.000 paperezko katalogo banatuko dira EHan eta 8.900 Buruntzaldean. Hauek udalaren arabera, etxeetara bidali edo ikastoletan banatuko da aste honetan zehar. Honetaz gain, katalogoan aurkitu daitezkeen berrikuntza ugari aurkeztu zituen.
Batetik, Euskarazko produktuen katalogoaren logo berria. “Urteetan logoa aldatzen joan gara eta aurten logo identifikatzailea eta behin betikoa egitea erabaki genuen,” azaldu zuen.

Eguneratua eta urte osoan
Beste berrikuntza nabarmenak, katalogo digitalean daude, www.katalogoa.org. “Buruntzaldeko webtik ere sartu daiteke,” gogora arazi zuen Hernaniko teknikariak.
“Lehen pdf-a jaitsi zitekeen eta non erosi esaten zen, besterik ez. Orain, orrialdea moldatu da eta urte osoan mantenduko da eguneratua,” azpimarratu zuen Maloresek.
Katalogo digitala bizirik eta eguneratua egoteko, argitaletxeek atal berezia izango dutela azaldu zuen, “argitaletxeek bere produktu berriak jartzeko eta deskatalogatuak daudenak kentzeko aukera izango dute.”
Era honetara, paperezko produktuak eta merkatuan dauden produktuak eskuragarri izango dira eta eguneratuak.

Atalak
Paperezko katalogoaren antzera produktuak, 8 ataletan dago banaturik, musika, DVD filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, gurasoentzako materiala, informatika eta jostailu eta jokoak. Hauetan guztietan dauden berrikuntzetatik “5-6 produktu bereziko dira eta Nobedadeak atalean egongo dira.”
Honetaz gain, Buletina atalean, katalogoaren harpidedun egin eta maiztasunez berrikuntzen berri emango zaie interesatuei.
Bilaketa sistema ere badago, izenburua, egilea eta produktuaren arabera edo bilaketa aurreratua, adina edo prezioa ere kontuan duena.
Produktua aukeratu eta honetan sakatuz gero, paperezko katalogoaren antzera, honen informazioa eta xehetasunak jakin eta erosteko aukera aurkituko dute.
“Katalogoak ez ditu produktuak saltzen, jokoa edo liburu dagoen denda batera bideratzen du. Era honetara, Internetez eskuratu daitezke produktuak,” azpimarratu zuen Maloresek.
Era berean, produktuen iruzkina egiteko eta besteen iritzia irakurtzeko aukera emango da, baita katalogoaren egileekin harremanetan jartzea ere.

Non erosi
Herritarrek Euskarazko produktuen katalogoaren berri izan dezaten, kartelak jarriko dira liburutegietan, dendetan edo ikastoletan.
Honetaz gain, Internetez erosi nahi ez dutenek, herriko dendetan erosteko aukera izango dute, beti ere, Euskarazko produktuen katalogoaren eranskailua edo pegatina badute.
“Herri txikietan liburu dendatan eskuratu daitezke horrelako produktuak eta momentuan ez badaukate, eskatu eta egun batetik bestera izaten dute dendan,” azaldu zuen Malores Etxeberriak.
Eta herrian ezin baduzu eskuratu, web orrialdera jo eta bertan non aurkitu dezakezun azalduko dizute.