Lankidetzaren kudeaketa ikertzea eskatuko du oposizioak

Txintxarri 2009ko azaroaren 27a

EAJ, H1!, LOHP alderdiek eta zinegotzi ez adskribituek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Udaletxeko arkupeetan, “alkatetzat Batzar aretoa utzi ez digulako.” Bertan, Estitxu Alkorta eta Ana Isabel Prietok oposizioaren izenean, Udalaren lankidetzaren kudeaketa ikertzeko batzordea eratzeko mozioa aurkeztuko dutela jakin arazi zuten.
“Udalean ordezkaritza dugun talde politiko guztiek osatua eta gobernu taldean inoiz egon gabeko udal ordezkari baten lehendakaritzapean,” azaldu zuen Alkortak.
Eta “ikerketa batzordearen azalpenen zain egongo gara behar diren lege ekimenak bideratu aurretik,” gaineratu zuen.

Txostena
Lasarte-Oriako kontu-hartzailearen txosten baten ondorioz dator eskaera hau.
Txosten horretan, oposizioak behin eta berriro salatu izan dituen irregulartasunak baieztatzen dituela azpimarratu zuen EAJko zinegotziak.
“Diru kopuru handiak bidali zaizkio Lasarte-Oria eta Somotoren arteko Senidetza Bulegoari, honek lege izaerarik gabeko eduki gabe. Kontu hartzailearen txostenak dioen moduan, hasieratik ohartarazi zuen, ahoz, ez zela bidezkoa. Ondorioz, bai Ana Urchueguia alkateak, bai Iñaki Mugica alkateordeak, hasieratik zekiten egoera horren berri,” adierazi zuen.
Txostenak oposizioari arrazoia ematen diola ere azpimarratu zuen, “espedienteak aztertuta, ikusten da Senidetza Bulegoari dagokionez kontuak eragabe eta argitasun gutxiz zuritzen dira.”
Horretaz gain, “gauzak hemendik bideratzea oso zaila da, eta zentzuz bide bakarra auditoria bat egitea litzateke,” dio kontu-hartzaileak eta, era berean, 2005etik aurrera aurkeztutako proiektuen fiskalizazio prozesu bati ekingo diola.
Horregatik, aholkularitza enpresa bat kontratatu da, Nikaraguako proiektuen kanpo auditoria egin dezan.
“Udalak aditzera eman nahi izan duenaz kontra, auditoria horiek egiteko bidea ez du gobernu taldeak zabaldu, baizik kontu-hartzaileak behartu ditu kanpo auditoria horiek eginaraztera, Somotorekiko lankidetza baimentzen jarraitu ahal izateko,” azaldu zuen Alkortak.
“Auditoria horien bitartez antzemango dira Nikaraguan erakundeei (OHLOS, ASODECOM eta Somotoko alkatetza) azken urteotan emandako laguntzetan irregulartasunik izan ote den,” adierazi zuen.
“Guztiz sinetsirik gaude Lasarte-Orian lankidetza kudeaketa, azken hamar urteotan, esku zuzenez eta bertatik bertara eraman duela Ana Urchueguia alkateak,” salatu zuen.
Horregatik, oposizioaren iritziz ikerketa batzorde bat eratzea beharrezkoa dela adierazi zuen, “Lasarte-Oriako Udaletxean lankidetzaren kudeaketa nola eta zein prozeduraz eraman den guztiz argitzeko. Eta erantzukizun tekniko nahiz politikorik ba ote dagoen jakiteko.”

Beste alderdiak
Estitxu Alkortak azaldu zuen PP alderdiak ez duela gaiari buruzko erantzunik eman.
EBko zinegotziak helarazi duen idatzian, Batzorde berezi baten alde agertzen da. Baina talde politiko ezberdinen interesak kontuan izanik, bere ustez, beste erantzunetako bat edo erantzun gehigarria, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol ekonomikoa daraman bulegoari auditoria egitea eskatu beharko litzaieke.

Alkatetza
Ana Urchueguia alkatearen iritzia ere jaso dugu. Alkateak dio, ez duela oraindik ikerketa batzordea eskatzen duen idatzirik jaso eta “iristean aztertuko dugu.”
“Milioiak kudeatzen ditugu hirigintzan eta lankidetzaren aurka egin dute,” dio Urchueguiak. Alkatearen hitzetan, “hirugarren mundua ezagutu behar da, han ez da hemen bezala lan egiten. Adibidez, 13 etxebizitza egiteko laguntza, hamabi egin eta itsu geratzen ari zen herritar bati ebakuntza egiteko erabili zuten. Ez zuten aholkurik eskatu? Ba ez, baina bere errekurtsoak ongi kudeatu zituzten eta hoberako gainera”
“Oposizioak ez du dirua proiektuetara bideratu den ala ez galdetzen, hori horrela dela frogatu delako. Zalantzan jartzen dute ongi egin den ala ez,” gaineratzen du.
Azaldu duenez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2005ean auditoria egin zuen eta lankidetzarekin zer ikusirik ez zituzten hiru oker aurkitu zituen. “Orain beste auditoria bat egingo da lankidetzaren arloan, baina ez du balio, ikerketa batzordea nahi dute. Nik argi dut nire aurkako eraso politikoa dela. Ez du ezerk balio, helburua beste bat delako, hauteskundeetara gai honekin iristea,” dio alkateak
“2003an onartutako dirulaguntzen legea oso zorrotza da eta hori kontuan izanik larrialdietarako laguntza asko ezingo genituzke eman. Zehatz mehatz betez gero, herriko elkarte asko ere kaltetuak izango lirateke. Dirulaguntzak kudeatzeko ordenantza egiteko eskatu dut, baina eskuetan izan arte Euskara, Kirola, Kultura... laguntzak geldiaraziko dira. Ni suntsitu nahian herritarrak kaltetuko dituzte,” aipatzen du.
“Nik argi daukat herri honen alde lan egin behar dudala eta ezin dugu beste gauzatan arreta galdu,” amaitzen du.