Aspaldian genbiltzan Ttakun Sarien jaialdia burutik kendu ezinik, eta aurten gauzatzea erabaki dugu " esan zuen Mª Jose Eizmendik, Ttakuneko lehendakariak Jon Lasari saria ematerakoan. Eta zergatik eman dioten Jon Lasari ere argitu zuen, "Jon beti egon da herrian antolatu diren ekitaldi eta festa guztietan euskal kultura zabalduz, haur eta gaztez inguratuta; eskatu zaion guztietan beti egon da prest laguntzeko eta lehenego edizio honetako saria berari ematea pentsatu genuen".
Ekitaldia Txitxardin Beltxa jatetxean ospatu zen larunbat iluntzean, eta afaloste girotua antolatu zuen Ttakunek. Ekitaldia aurkezten Martin Anso eta Intza Alkain aritu ziren. Aitor Atxegari eman zioten sarrera lehendabizi. Aitorrek abesti bat zuen prestatuta Joni eskaintzeko, eta abestia entzuten zuten bitartean Jonen argazkiak proiektatu ziren.
Ondoren Mª Jose Eizmendik, Ttakuneko lehendakariak saria eman Joni. Jonek gustura hartu zuela saria aipatu zuen, baina ez zela berea bakarrik, han bertan zeuden guztiena zela, eta denei eskaintzen ziela. Jarraian Aitzolek eta Aroak, Jonen seme-alabek, Mikel Laboaren abesti bat abestu zioten aitari. Halako batean, ezustean, Txintxarriko bi banatzaile berezi agertu ziren eta bertaratutakoei Txintxarrien ale berezi bat eman zieten, barre algara batzuk sorraraziz, era berean.
Jonen ikasle izan diren hainbat gaztek ere pieza batzuk eskaini zioten trikitixarekin eta ondoren Landaberri Antzerki Eskolaren klown saioa ikusi ahal izan zuten.
Amaitzeko Zigor Iriondo eta Ane Labakak Joni hainbat bertso eskaini ondoren, dantzaldira gonbitea egin zieten bertaratutakoei.
Festa asko bezala, larunbatekoa ere dantzan eta jai giroan amaitu zen Atxega, Iparragirre, San Jose eta Iker Telleria musikarien laguntzarekin.