Aste honetan Jalgin eskainiko den diaporama emanaldia seietatik bereziena izango da: ez da urrutira egindako bidaiarik ezagutaraziko, Oinatz taldekoek aurten, Bortzirietara, Aranora eta Valderejora egindako irteerak erakutsi eta kontatuko dituzte.
Oinatz taldeko Josu Agirretxe eta Jaione Iriondok azaldu digutenez, ondo dago oporretara Txinara, Keniara edo Argentinara joatea, "Oinatz taldeko kideak ere joaten dira, baina bertakoa ikustea ere gustatzen zaigu; eta ez bakarrik ikustea, ikastea ere bai. Batzutan ikusi bai baina ez duzu ikasten eta Oinatzen helburua biak uztartzea da".
Ondare handia
Oinatzek antolatzen dituen irteeren helburua toki berriak ikusi eta bertako ohiturak ezagutaraztea da. Eurek diotenez, "sarri zeharkaldiak egin eta inguruko hainbat istorio ez ditugu ezagutzen. Han bertan aldamenean dira gauza oso interesgarriak, baina aurretik lantzen ez badira ez dituzu jakingo eta toki denetan daude gauza interesgarriak. Ondare handia dugu Euskal Herrian".
Aurten egin dituzten irteeratako hiru kontatuko dituzte datorren asteazkeneko diaporaman. Bata Bortzirietara egindakoa, beraz, Etxalar, Lesaka eta San Juan Xar-eko irudiak emango dituzte, bestea neguan elurretan Aranora egin zutena inguruko harrespilak ikusteko eta hirugarrena bi egunetarako egin zuten irteera: Valderejo, Nerbioiren jaiotza, Gesaltza eta Orduña erakutsiko dituzte. Emanaldian, hainbat argazki eskainiko dituzte eta bertako ohiturak kontatu.
Historia eta bitxikeriak
Oinatz taldearen asmoa aldiro bisitatzen dituzten tokien erreferentzia historikoak, ezaugarri bereziak, bitxikeriak eta xehetasunak ezagutaraztea da eta horiek ezagutzen dituen norbaiten azalpenak izaten dira beti. “Ikusi eta ikasi” Oinatzekoek dioten bezala. Orain diaporamen emanaldian parte hartuko dute helburu garbi batekin: ikustera joaten direnei gure ingurua eta ohiturak ezagutaraztea, hain juxtu Oinatzek irteerak antolatzean duen xede berbera da. Besteak beste, Etxalarren usategien funtzionamendua, kokapena eta historia, Aranon harrespilak eta Valderejon, otsoak harrapatzeko lekuak ezagutu zituzten.
Otsailaren 1ean, elurrari aurre eginez 41 lagun joan ziren Aranora, bertako harrespilak bisitatu eta babarrunak jatera. Pirinio osoan ez da Arano eta Goizueta artean beste trikuharri, mairu-baratze eta harrespila; bi kilometrotan 59 daude.
Martxoaren 29an Etxalarreko usategiak, San Juan Xarreko ermita, pago-lizarren basoa eta iturria, eta Lesakako herria ezagutu zituzten. Usoak sarez ehizatzeko ohiturari eutsi diote mendez mende Etxalarren XV. mendetik. Oinatzeko kideek kukua entzun zuten usategiak ikusten ari zirela.
Ekainaren 6 eta 7an bi eguneko irteera egin zuten Oinatzekoek Gaubea aldean. Asteburu pasa honetan Valderejoko parke naturaleko zenbait toki paregabe, Nerbioi ibaiaren jaiotza, Gesaltzako Gatzaga eta Orduña ezagutu zituzten. Irteera honetan ere izan zuten bitxikeriak ezagutzeko aukerarik, esaterako igande goizean artzainek otsoak harrapatzeko erabiltzen zituzten zuloak ikusi ahal izan zituzten eta arratsaldean garai batean aduana izan zuen Orduña herriko etxe eta berezitasunak: Bizkaiko herrixka da, Arabako lurraldean dago eta Gaztelarekin mugan.
Azaroan hasi zuen Oinatzek ikasturte berria, hilaren 8an egin dute lehenengo irteera Donibane Garazira eta hurrengoa Gasteizera izango da. Lauzpabost egiten dituzten urtero.